Bertso berriak lelo zaharrei jarriak

Doinua: mutil koxkor bat itsu aurreko

1)
Laurogeigarren hamarkadako
bor-borra eta su garra,
euskal jendeak xahutzen zuen
aldarrikatzen indarra.
Kaleak sutan, jendea sutan
ta esperantza meharra,
herri bat bazen ta bizi nahiak
zeukan eskatu beharra
"Kantabria da" esan ohi zuten
sarritan "bide bakarra!".

2)
"A-zortzi" ez zen existituko
bere porlan eta guzti
Muskizen bazen Petronor baina
ez orain bezain itsusi.
Castro, Mioño, Ponton ta Nojan
nork euskotarra ikusi?
manifa haiek neure burutik
ezingo dira erauzi
"Revilla gogoan zaitugu" zen
orduan lelo nagusi.

3)
Aurrera doan herriak luzaz
itxaron dezake trena,
errepideak sartuz ugari
geure aranetan barrena.
Revilla jada guretar dugu
baina hori ez da txarrena,
A-zortzik dauzka bidesariak
ekialdean barrena,
"Herriak ez du barkatuko" da
oraingoz bete ez dena.

4)
Geure borrokak dizkigu oso
emaitza onak ekarri.
A-zortzi merke eraiki dugu
zubiz-zubi, harriz harri,
Aldaketa lez Nafarroa kendu
ta dugu Kantabria jarri
"Ez, ez, ez dispertsiorik ez" zen
garai hartatik aldarri:
ta orain Castron pilatzen gara
"aupa!" eginez elkarri.

KEYNES