Bolintxu zulatua

Erabiltzailearen aurpegia Potojorran. Bilboko Bertso Eskola 2020ko urr. 16a, 13:24
Doinua: Bizkaiko aberatsak
Euskal Herria zena
da Tunel Herria
Bolintxun egin dute
langintza berria.
SuperSur luzatzea
zen bide orria,
herri-lanak baitira
marra bat gorria,
aberatsei gizentzen
diena gerria.

Seberetxetik zehar
laister Arnotegi
joko duen bide bat
dator erdiz-erdi.
Bolintxuz ez gaitezen
ardura gehiegi,
natura suntsituaz
ekin eta segi:
edozein aberatsek
porlana datsegi.

Lehengo txerri-txorixo
egungo porlana,
zulatu nahi duena
Ibaizabal dana.
Getxotik Porturaino
badago afana
errepideak daude
lehendik andana,
kale bihurtzeko prest
lehen zena oihana.

Krisi klimatikoa
ez da bihar etzi,
CO2a isurtzen
ez dugu nahi etsi.
Zerga bilketan nahiz ta
bildu txanpon gutxi, 
Bizkaiak berriro du
porlana aintzatetsi:
Covid-ak berak ere
ez du eragotzi.

KEYNES