Etxien ez paretako bidaie para naban

Done Jon Bataiatzailea-ra bidaia, Misioetako departamentuen

Atzo Asuncion itzi naban eta Done Jon Bataiatzaileara etorri nentzen. Sorte handiz ganera, zeren Uber antzeko aplikazio bateradeitu eta Oscar izeneko bat etorri behar zalakoan, hara non, Diego izeneko beste bat agertu jatan. Bidaiaren amaieran uste baino asko merkeago atara jatan eta ez itaundu zenbatekoa zeren apur bet Warlpiri nago. Ondoren autobus geltokiyen sartu nentzen, eta eskuak garbitu eta gero, saltzaileak ohiuka hasi jatazan euren konpainiakaz joateko nora joan gure nauen itaundu barik. Halako baten, batek nire harridura aurpegiye ikusi aban eta behar zana itaundu eustan: hau da, nora joan gure nauen. Erantzun, berak adierazo laster urtengo ebala omnibus batek bertatik pastan zana, eta berari erosi nautson tiketa. Tiketak 45.000 guarani balio eban, ‒ ez, orain ez nago Warlpiri ‒, eta bertan igonda Ascension atzien itzi nauen.

 

Bidaia hiru ordu eta erdikoa izin behar zan, baie luzetu zan. Oso tarte luzien hiri barruen ibili gentzezan, ordu eta piku erraz; baina hiriye itziagaitik errepide ertzean onino askoz tarte luzeagoan etxeak agertan zirien. Apurke-apurke desagertu zirien eta Paraguayko larretan barrena mugitan hasi gentzenzan. Larre zabal-zabalak abereakaz bazkatzen, eta bide ertzeetan behi lotuek bazterretako belarra aprobetxetan lantzien-lantzien.

 

Carapeguá-ra iritsi gentzazanien bat-batean bidaie gelditu zan. Langile protesta batek errepidea moztua eukon eta hantxe egon gintzezan ordu bete inguru zain.

 

Ekintza batek moztuta gure

bidaiaren abiada

ordu betean egon gentzezan

ezin pasa hango traba

pankartak eta bisera zuri

eta horiez atara

irakasleak burrukan dabiz

langile onen gisara

eta eskatzen daurena beti

emon beharrekoa da.

 

Irakasleek moldatzen daure

gure herriaren geroa

eureri esker goiko mailara

dago Kultura igoa

Paraguayn baina egoerea

da oso bestelakoa

gitxi pagatu ta ardurea

beti da astunagoa

gelak atondu eta pintatu

euren poltsikotik doa.

 

Euren kargu be doa askotan

ikasleek gosaltzea

hamasei urte agindu eutsela

lan saria gaurkotzea

lau agintaldi pasatu direz

goraka malaletxea

eta justue baino ez dana

falta jakie lortzea

ehuneko hamasei eskatzen deure

lan-saria igotzea.

 

Honen ondoren, txoferra, bere beharra zein dan, eta bere enpresaren izen ona zipriztindute lotu eitekeala jakinaren gainean, denborea berreskuratzen, atzerapena laburtzen ahalegindu zan, eta bidean ikusten auzen ibilgailu guztiyek aurreratu auzen. Azkenien San Juan Bautistara iritsi gintzezan, eta ni autobusetik jaitsi nentzen.