Paraguayn herriyek ez dira txikerrak, edo bai, baina momentuz nik ezetu dodazanak handixkoak direz. Done Jon herriyek, esaterako, 32.000 lagun dekoz eta benetan, giroaren aldetik, ez dauko zer kendurik Aizarnari, Dimeri, edota Alonsotegiri... Irauregi beste upel bateko txakoline da. Jendeak alkar agurtzen dau une oro, lasai-lasai egoten da ataurrean egonean edo euren termo eta uampagaz matea hartzen... Lozorroan lirudike egun osoan.
Herriyaren oinplanoa karratue da. Hau da, kaliek alkar angelu zuzenean mozten deure eta kale guztiyek zuzenak direz. Kalion artean sortzen dan espazioari “Cuadra” deitzen dotsie, eta zelan danak neurri berekoak direzan, distantziak neurtzeko puntu batetik bestera berau da maizenik erabilten dauren unitatie. Holan patxada ederraz esaten dautsue leku bat bost “cuadra”ra dagoala, ala “cuadra” eta erdi geroago topako dozule ez daki zer. Etxe guztiyek patioa deukie eta bertan zuhaitz bat edo beste. Mangondoak oso ohikoak dira, eta bai etxe barruen zein kanpuen ikus daitekez. Era berean Eroskin hamabost edo hogei eurotan saltzen diran orkidiek bere bererik sortzen direz eta edonon ikus daitekez.
Beste gauza bitxi bat da zenbat denda dagoan bertan. Edonon topa daiteke etxe baten ondoan holango gelatxo bat zeozer saltzeko erabilten dana. Bertan egon nentzen denboran gehienetan hutsik ikusi nauzen, baina goizeko zortziretan zabalik egoten zirien, eta gaueko bederatziyak arte ez aurien zarratzen.
Leku guztiyetara jendea kotxez edo motorraz mugitan zan, eta orokorrean nahiko abiada motelean.
San Juan herriyan kaleetan zehar
hiri erraldoien gisan
motor ganean kotxe barruen
danak polito ebizan
joan-etorria egun osoan
atsedenik bakoa zan.
Neska ta agure, nerabe polit
zein gizonezko itsusi
motor gainean segurtasuna
ez ei dauala merezi
lau egunetan hiru kaskodun
baino ez nauzen ikusi.
Motor batean hiru pertsona
eta kaskorik bat bere ez
baina arinauko hiru artean
bat berezia zan berez
isocarroan ebilan eta
hala be segurtasunez.
Ama ta alaba motor ganean
ebizan modu ohikoan
hirugarrena be normala zan
ume bat bien artekoan
bost urtekoa erdian eta
hirurak lasai askoan.
Paketeak ta zorroak bere
ebizen bere aukeran
ur beroagaz termoa bere
sarri euken eskueran
batzuek esku bat motorrean
eta bestea materan.
Nola esaten da “isocarro” euskeraz? Isogurdi? Bardingurdi? Ez dakit. Bost urte neukon arte maiz ikusten nauzen, ondoren behin edo behin, eta hona ailegatu nazanetik sarriago.