uriola.eus

Etxien ez paretako bidaie para naban

Gaueko Bidaie

Baltza zan gaua gaueko baltzean, eta gaua zan baltza baltzaren gauean, baltza zan lurra, eta baltza zan ortzia, eta baltza zan lurra eta ortziaren arteko lerro fina. Hodeiak baltzak ziran, eta iretargi barria be baltza zan, eta baltza zan iretargiak lurraren ganean zabaltan euan beltxarga baltzaren lumaz egindako edredoi baltza. Baltza eta beroa. Izeko zaharraren mosu amoltsu eta bustiak bezain beroa, galerna aurreko giroa bezain bero eta hezea, narrutaldiaren ondoko besarkada arnasestuek bezain bero eta itsaskorrak. Eta beroa izarretan eta sastraketan itsasten zan masusta marmeladea praka zuriei itsasten jaken bezalaxe. Baltzak eta beroak ziran Chacoaren historia osoan zehar hildako animali guztien arimak, eta jaguareteen arimak ehizean ebizan orkatz, pekari, eta ñanduen arimak sekulan aseko ez dauren gosea asetzeko. Eta orkatz, pekari eta ñanduen arimak behinola hildako bedarren arimak bazkatzen ebizan arimaren gosea arimak janaz asetzerik balego lez.

Eta baltza zan asfaltoa, eta baltza argirik ezean ziztu bizian ebilan autbusa, eta baltzeranak ziran gauaren baltzean jaitsi, igo eta lo egiten auren langileak.

Eta egunsentian Filadelfiara iritsi nintzan.

 

Zapatu baten suertatu zan

eguna oso bustia

joan beharra iritsi jatan

ta jaso nauen guztia

autobusera igon nintzan ta

senti pixkat errukia

Ciudad del Esten ekaitz itzela

Chacon barriz eguzkia.

 

Eguerdia baino lehenago

euriari emon eutsan

autobusean jarraitu eban

Noeren uholde gisan

larre guztiak urez ginezka

nire kautan naban esan

bertako putzu guzti-guztiak

barriz betetan ebizan.

 

Gero ta gero be gauerako

ailegatzia izan zan

baina onino itxaronaldi

luzea behar nik jasan

banku batean eseri nintzan

nolabait denbora pasan

hiru ordutan itxaron eta

barriz martxan jarri nintzan.

 

Autobusera igo gentzezan

bertan gintzezanok zama

ezezagunak guzti-guztiak

misterioaren xarma

gaztelerarik ez zan entzuten

niretzat pixkat be drama

salbuespena bidaikideetan

ume bat ta bere ama.

 

Bidaian gora abiatu ginan

erdi lotan gengozanak

begiak zabal edukitzeak

ekarkuzan guri lanak

lantzeminetan jendea jaitsi

ta igo barriz andanak

joan-etorria etengabea

ta dan-danak baltzaranak.

 

Gauez egina ta erdilotan

izan zan bidai handia

erdi etzunda jarleku baten

bidai erdi ta erdia

baina guztiak akaberea

dekola danez egia

egunsentian Filadelfian

izan zan geldialdia.

 

Argazkian dago nola topa neban Filadelfia goizeko sei t´erdietan.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa