DSBEren prestazioa EAEn hasieran arautu zen eran izateko eskubidea baldintzarik gabe babesteaz gain –azken erreformak eskuratzeko baldintzak gogortzeko neurriei uko eginez, zenbatekoa Lanbide arteko Gutxieneko Soldataren arabera igotzea aldarrikatuz, eta hedabideetan eta instituzioetan laguntzen hartzaileak kriminalizatzeko dagoen joeraren aurka joz–, gure ustez, ezinbestekoa eta gero eta premiazkoagoa da eztabaida sakonago bati ekitea, indarrean dugun eredu sozio-ekonomikoari buruz.
Ñabardurak ñabardura, gaur egun jende gehienak onartzen du enpleguak nagusitasuna galdu duela, eta are gehiago galduko duela aurrerantzean, hala sistema kapitalistaren garapenean, nola –eta bereziki– gizartearen ongizateko estatuak deitutakoen garapenean. Langabeziak gora egin du, enpleguaren egonkortasunik eza orokortu da, langile pobreen fenomenoa azaldu da, lanen eta pertsonen arteko soldata aldeko desparekotasunak daude, bai eta emakumeek eta gizonek dituzten aukeretan ere, eta prestazio sozialei (adibidez, pentsioei) eusteko neurriaren eta enpleguaren artean dagoen lotura gero eta zailagoa da, prestazio horien erabilerari lotuta. Horiek dira, besteak beste, enpleguaren inguruko gaur egungo krisiak dituen ezaugarrietako batzuk. Horri enpleguen galera gaineratu beharko genioke, prospekzioaren arabera handiagoa edo txikiagoa izaten dena, baina esanguratsua beti. Izan ere, teknologia berriek ekoizpen-prozesuetan oro har sartzeak hori ekarriko du epe ertainean, eta, horrenbestez, lan-merkatuaren dualizazioa ere bai, alde batetik, goi mailako kualifikazioko eta ordainsariko enpleguen multzo bat egongo baita, eta, bestetik, berriz, guztiz prekarizatutako enpleguen beste multzo bat, bereziki pertsonei zerbitzuak ematera bideratua, eta oso balio urrikoa hala sozialki nola ekonomikoki.
Auzi horiei buruzko eztabaidan, diagnostiko eta ñabardura desberdinak egon daitezke, baina, honez gero, ezinbestekoa da sakon aurre egitea horri, eta, bereziki, agente politiko, sindikal eta sozial guztiek eztabaidari ekiterakoan orain arte izan ditugun ikuspegi partzialak gainditzea. Enpleguak gure gizarteetan duen papera zalantzan jartzean, besterik ez bada ere, molde berriak proposatu behar ditugu eskubide sozialak egituratzeko, enpleguari zuzenean lotuta ez dauden moldeak, eta eztabaida egin behar dugu enplegu guztien balorazio sozialaz eta ekonomikoaz (batez ere, ezegonkorrak direnez), tresna berriak identifikatu behar ditugu aberastasuna birbanatzeko eta prestazio eta zerbitzu sozialak finantzatzeko, ekoizpen-moldeak eta -helburuak eta gizartean eta ingurumenean dituzten ondorioak birplanteatu behar ditugu, eta modu berri bat ezarri behar dugu gure gizarteetan lan guztiak (ordaindutakoak eta ordaindu gabeak) banatzeko.
Azken batean, aldaketa sakon bati ekiteko beharra jartzen ari gara eztabaidaren erdian, kontua ez baita bakarrik eskubide sozialen kudeaketa eta bermea edota lan-merkatuaren erregularizazioa aldatzea –auzi horiek garrantzitsuak badira ere–-, baizik eta, horrez gain, egiturazko eredu sozio-ekonomikoa bera aldatzea, hori baita eskubide sozialen eta enpleguaren euskarria, eta baldintzatu egiten baititu.
Ekonomia Solidarioaren ikuspegitik, gure ustez, behar-beharrezkoa da norabide-aldaketa bultzatzea, pertsonen ongizatea "birkokatzeko", eta jarduera ekonomikoaren muinean kalitatezko ingurune sozialari eta ingurumenari eutsi ahal izateko. Bizitzaren eta planetaren iraunkortasunak berak baldintzatu behar du jarduera ekonomikoa, esan nahi baita, biziera ona bermatuko duten prozesu guztiei eutsi behar diegula, emakumeak eta gizonak izaki interdependenteak (zaintzak behar baititugu) eta ekodependenteak (inguruan dugun ingurumena behar baitugu) garela kontuan izanda. Era berean, ezinbestekoa da "birkokatzea" gaur egun arlo ekonomikoak (batez ere, kapitalismo neoliberalean ulertzen den eran) gure bizitzen egituraketan izan behar duen paper nagusia. Ekonomiak zeregin instrumentala izan behar du, herritarrek parte hartzeko eta erabakitzeko dauden esfera demokratikoen mendean, eta mundu osoko pertsona guztientzako bizi-baldintza duinak garatzeko prozesuari lotuta. Eta, azkenik, jarduera ekonomikoa eta komunitatea bera elkartu behar ditugu berriz, dagozkion jarduerak "birkokatuz", eta gaur egun lehenesten duen izaera espekulatiboari aurre eginez.
Datorren apirilaren 1ean, Bilbon egongo gara, DSBE arloan izaten ari diren eta, zoritxarrez, epe laburrean ziurrena izango diren murrizketa guztiak salatzeko. Eskubide sozialen alde egingo dugu, gehienbat, bizitza duina izateko aski diren baldintzarik gabeko sarrerak izatearen alde, herritarren eskubide guztiak eta parte-hartze soziala garatu ahal izateko, eta, era berean, babes sozialeko sistema unibertsala, inklusiboa eta kalitatezkoa aldarrikatzeko. Eta, azkenik, oso gogoan izango dugu eredu sozio-ekonomikoa premiaz aldatu behar dugula, gizarte eta mundu iraunkor eta bidezko batean bizitza askeak eta zoriontsuak izan ditzagun bermatzeko.
Marian Díez López eta Carlos Askunze Elizaga (REAS, Ekonomia Alternatibo eta Solidarioaren Sarea)