Abuztua helduta, agur esan diegu 2025eko San Inaziko jaiei… Jai Batzordetik egiten dugun balorazioa oso positiboa da. Duela urte batzuk hasi zen joera aurten berriz hemen dugu: inoiz baino kuadrilla gehiagok parte hartu du San Inazioko jaietan!
Uztailaren 24ko arratsaldean hasiera eman genion San Inazio kolorez jantzen duen asteari. Aoiz plazan Vigilante de la barra kuadrillak txupina bota zuen. Pasa den urteko irabazleek jaiei hasiera eman ondoren, kuadrillek haien gurdiak hartu eta Lehendakari Agirre etorbidetik Levante plazako txosnagunera heldu ziren.
Osteguna pasatuta, lehenengo txapelketa gastronomikoa heldu zen. Gisatua prestatu zuten San Inazoko auzokideek bazkaltzeko. Hori eta gero, futbol diana izeneko txapelketari hasiera eman genion. Kono bat aurpegian jarri eta futbol partidak jokatu ziren kuadrillen artean.
Larunbatean Sani Fest kuadrillak urtero antolatzen duen ginkanaren unea heldu zen, eta asteburua bukatzeko, noski, paella lehiaketa heldu zen, baita igande arratsaldeko bolo txapelketa ere.
Astean zehar
Umeentzako ekintza ezberdinak ere egon ziren asteburuan zein astean zehar. Astelehenean, Auzo Eguna ospatu genuen, Errondoko Auzo-etxearen eskutik. Arratsaldez, musikazaleen unea gustukoena iritsizen: Sani Rock jaialdia. Aurten, Nekktar, Las Sexpeares, Painapple eta Xumel izan dira parte hartu duten taldeak! Gainera, aurten urteurrena bizi izan dugu jaietan zehar: fregona jaurtiketa txapelketak 15 urte bete ditu. Urtero lez, Kemando Sani kuadrillak antolatu du.
Saskibaloi txapelketa asteartean egin zen, Levante plazako kantxetan. Arratsaldez, tortilla eta kortoen txapelketaren momentua heldu zen, eta plaza jendez gainezka egon zen.
Ohiturak apurtzen
Aurtengo egutegia dela eta, Gazte Eguna ez da ostiralean ospatu, asteazkenean baizik. Hori ez da aitzakia izan gazteentzat (eta ez hain gazteentzat) eta frontoia bete dute frontenis
txapelketan parte hartzeko. Gainera, Gazte Asanbladak eta GKSk bazkaria prestatu dute elkarrekin antolatzen duten egitarauaren barruan. Nola ez, gazte egunean zehar beste hainbat ekintza egon dira, besteak beste, auzoko tabernetatik urtero egiten den Poteolinpiada.
Arratsaldetik kuadrillak mozorrotuta ikusi genituen. Gazte Asanbladak eta GKSk "olinpiadak" gaia emanda, kuadrillek haien mozorro onenak atera zituzten. Azkenik, bi eragileen eskutik Naxker eta Marte Lasarte taldeek girotu zuten Levante plazako oholtza.
Ostegunean baina, pena handiarekin, Sani berpizten duen asteari agur esan genion marmitako lehiaketarekin.
Musika, lehen lerroan
Nola ez, egunean zehar antolatutako ekintzek ez ezik, musikak ere bere lekuan izan zuen. Egunez egun artista ezberdinak egon dira gure jaiak girotzen: Sani Reggae Colectiv-eko Patas eta Muji, Arratians, Xaukena Xauk, Mikosis, Hertx talde sanitarra, Naxker eta Marte Lasarte. Gainera, aurten Sanireggae eta San Rock jaialdiak ere izan ziren auzokide guztiak animatzeko, eta giro paregabea egon zen txosnagunean!