Erabilerak okerrera egin du, batez ere, arlo pribatuan; ezagutzan, aldiz, ustezko aurrerapena dago. Ustez diot ezen elebitasun orekaturik ez dago eta horrek bermatzen du, alegia, euskaraz egin ahal izateko, eta, beraz, erabilera handitzeko baldintzak egokiak izatea. Garbi dago elebitasun orekatu horretatik oso urrun gaudela.
Orain arteko politika linguistikoak, oro har, ez ditu ahalbidetu erabileran aurrerapausorik izatea. Era berean, hezkuntza sistemak ez du betetzen berezko beharko lukeen xedeetako bat, hau da, belaunaldi berri guztien euskalduntzea ziurtatzea. Izan ere, euskal eskoletatik pasatzen diren guztiek euskaldun irten beharko lukete, eta, zoritxarrez, ez da horrela izaten. Ezin dugu arrakastatzat hartu gazteen artean erdiek baino gehiagok euskara jakitea, zalantzarik gabe, % 100 beharko lukete. Beraz, garbi dago gaur egungo eredu sistemak ez duela funtzionatu eta gainditu behar dela ezinbestean.
Aurrekoarekin batera, helduen euskalduntzea indartu behar da. Lehen aipatu gazteek ereduak behar dituzte. Helduen esfortzua eredugarri gertatu behar zaie. Beren guraso askok, gainera, transmisioan eragiteko ikasi behar eta nahiko dute, ohikoa baita kideetako bat euskalduna ez izatea. Horretarako, euskalduntzearen sektorearen normalizazioan urratsak ematea ezinbestekoa da, bai inbertsioa handituz, bai euskaltegien finantzazioaren markoa hobetuz eta bai ikasleentzako diru-laguntzak ugarituz (horretan, beren beregi, Bilboko Udalak bide luzea du parean).
Aurreko biak, hezkuntza sistemaren ereduen gainditzea eta helduen euskalduntzea indartzea, elebitasuna orekatuaren zutabe garrantzitsuak dira. Horrekin batera benetako oreka lortzeko eta erabilera sustatzeko bestelako neurri asko hartzea beharrezkoa izango da. Bai sustapenean, bai eskubideen bermatzean oinarriturik. Luze joko luke horietan sakontzea, baina Bilboko euskalgintzko kideok aukera paregabea izango dugu Bilboko Euskara Sustatzeko Ekintza Plana aurkezten zaigunean, agindu bezala, horretarako bidea ematen badigu Udalak, jakina.
Amaitzeko, norberaren hausnarketaren beharra ezin aipatu gabe utzi. Administrazioek erantzukizun handia dute, jakina; baina nork bere esparrutik eragin behar duela ere ondo barneratu behar dugu. Erlaxatu gara, agian; kanpotik konpontzea espero dugu, txarrenean. Apika, euskararen ezagutza handitzea ezin garrantzitsuagoa jo badugu ere, aspalditxoko lelo ezagun hau birgogoratzeko garaia dugu: Hizkuntza bat ez da galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako, dakitenek erabiltzen ez dutelako, baizik.
Bilbon, 2014ko apirilaren 9an