Ikastetxearen paisaia euskalduntzen

Erabiltzailearen aurpegia Txurdinaga LHII 2017ko abe. 15a, 09:00

Txurdinaga LHII (Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratua) Txurdinagako Doctor Ornilla kalean dago. Orain arte, ziklo guztiak, erdi mailakoak zein goi mailakoak, gaztelaniaz irakatsi dituzte, baina ez gaztelania hutsean. Hainbat ziklotan irakasgai batzuk euskaraz egiteko aukera egon da. 

2017-2018 ikasturtean, ziklo berri bat heldu da Txurdinaga LHIIra, eta euskara hutsean ikasteko aukera dago bertan, arratsaldez. Horrek euskararen presentzia areagotu du ikastetxean. Hala ere, gure ikasle gehienek bi urte baino ez dute ematen zentroan. Hori kontuan hartuta, ez dago konparatzerik beste mailetako ikastetxeekin; izan ere, Lanbide Heziketaren helburu nagusia ikasleak lanerako azkar –eta ondo– prestatzea da. Zer egin dezakegu, orduan, geurean, euskararen inguruan? 

Hasteko, ikasle euskaldunen eskubideei heldu behar diegu ezinbestean. Hortaz, besteak beste, LPa (Lantokiko Prestakuntza, lanean praktikak eginez gauzatutako ikasgaia) eta formakuntza DUALa euskaraz egin nahi dutenei euskaraz eskaintzeko ahalegin guztiak egin behar ditugu.  

Artikulu honetan, ordea, ikastetxearen paisaia euskalduntzeaz arituko gara. Zentzu horretan, kanpaina bat jarri dugu martxan ikasleei euskarazko lan-mundua gerturatzeko. Beste edozein kanpainak bezala, gureak ere logoa –eta, logoari loturik, slogana– behar du; eta, horretarako, ikasleengana jotzea pentsatu genuen: lehiaketa bat zabaldu genuen haien artean. Irabazlearen logoa eta slogana ikasturte osoan erabiliko ditugu. 

Kanpaina horren baitako lehenengo hitzaldia Athleticeko prentsaburuarena izan da. Patxi Xabier Fernandez etorri zaigu abenduaren 18an. Batetik, ukaezina da Athleticek Bilbon zein Bizkaian duen eragina. Bestetik, azken urteotan lan itzela egin du Athleticek euskara bultzatzeko, eta euskarari gaztelaniari bezainbeste garrantzia ematea lortu du. Patxi Xabier Fernandezek eguneroko lan-harremanak klubeko langileen artean nolakoak diren azaldu digu, besteak beste.  

Hala ere, egun hori baino lehen erronka polita izan dugu. Euskararen Eguna abenduaren 3an da. Aurten igandea izan denez, guk abenduaren 5ean ospatu dugu. Edo, hobe esanda, ospatu baino, aldarrikatu dugu euskararen duintasuna. Klaseak 20 minutu eten, eta tarte horretan ekitaldi xume bati ekin diogu: lehenengo, ikastetxeko Euskararen Dekalogoa irakurri du zuzendariak; ondoren, ikasle eta langileok prestatutako bideo bat jarri dugu sarrerako telebistetan. 

Aldarrikapenetatik at, zenbait ikasle Bertsolari Txapelketa Nagusiko porra bat prestatzen ari dira. Txapelketa lau urtean behin baino ez da egiten, eta jolasaren bitartez giroa euskalduntzeko aukera ona izan da. Parte-hartzaileak azken sailkapena asmatzen saiatuko dira; hots, zortzi finalistak ordenatu egin beharko dituzte, irabazlearekin hasi, eta zortzigarrenarekin amaituta.    

Egunotan ikastetxean hainbat jarduera antolatu ditugu, sorpresaren bat edo beste ere bai. Gure asmoa aurrera begira euskararen alde lan egiten jarraitzea da.