Ikerlarien lan baldintzez eta unibertsitatearen norabideaz

Gizartearen baitako sektore garrantzitsuenetarikoa dira ikerlariak, eta zer esanik ez unibertsitatearen esparruan, zeinearen eginbeharra baita informazioa ekoiztea eta jakintza transferitzea, eta ikerketa lerroa funtsezkoa du horretarako. Noski, jakintza guzti hau ongizate unibertsalerako ekoitzi beharko litzateke, ikerketak ezin dira interes partikular zein pribatuek baldintzaturik egon. Gaur-gaurkoz, ordea, jakina da enpresen esku-hartzea geroz eta nabarmenagoa dela, bai gradu zein master, eta baita ikerketa-alorrean ere. Izan ere, unibertsitateei beharrezkoa zaie kapital pribatuaren, enpresa pribatuen, inbertsioa; hauen menpekoak direla, alegia.

Unibertsitateko aurrekontuetan inbertsio pribatu zuzenak milioietan handitu dira, bai modu zuzenean eta baita zeharkakoan ere. Espazio eta materialei dagokienez, zenbait diziplinetan, kanpoko erakunde pribatuen finantzaketa eta esku hartzea ezinbestekoa bihurtzen da. Horren adibideak dira laborategien eta erreminta ezberdinen (makinak, etab.) erabilerarako unibertsitatearen eta bestelako enpresen artean gauzatzen diren akordioak edota kanpo organismo horiek eskaintzen dituzten espazioak ere.

EHUren kasuan, CFAA (Aeronautikako EHUko zentroa Zamudion) 39 enpresek finantzatua da. Inbertsio hau 2021ean 16M euro baino gehiagokoa izan zen,  eta urtero hainbat GrAL, MAL eta doktoretza proiektu eskaintzen ditu, zuzenean enpresentzat bideratuta doazenak. Beste adibide bat Confebask Katedrarena izango litzateke, edota aipagarria ere aurreko ikasturte amaieran EHUk argitara atera zuen Microsoft eta EHUren arteko akordioa, ikasleen datuak Microsoft-en datu basera pasatzea ahalbidetzen duena.

Finantzaketarekin jarraituz, ITP eta Sener enpresen kasua aipatzea ezinbestekoa da. San Mames fakultateko aeronautikako masterra Bizkaiko Foru Aldundiak eta El Cluster-ek finantzatzen dute, azken honen barnean kokatzen direlarik ITP eta Sener enpresak. ITP sektore armamentistikoko enpresa bat da, Arabia Saudiko ejerzitoaren ehizarako pieza batzuen ekoizlea. Ez da lehen aldia EHUk arma ekoizleei eskua ematen diena.

Bestalde, ikerketa lerroa indartzera begira apustuak nabarmenak dira EHUren partetik, azken klaustroko bileran Eva Ferreirak esan bezala. ENLIGHT unibertsitate-aliantzaren bitartez Euskal Herriko Unibertsitatearen nazioartekotze-prozesuan aurrerapausuak egitea da apustua, EHU Quantum Center bezalako zentroak aurkeztuz nazioarteko ranking entzutetsuenetan duen posizio ona sendotzea helburu. Beste behin ere, argi utzi digute, guztion ongizatera bideratuta baino, merkatuaren beharretara azpiratuta daudela egungo unibertsitateak.

Ikerketaren alorra lehenesten du EHUk; baina, zer dio ikerlarien baldintzen inguruan? Ezertxo ere ez.

Unibertsitatearen baitan sektore prekarizatuenen artean kokatzen dira ikerlariak, euren lanari formakuntza izaera esleitzen baitzaio. Ondorioz, zenbait eskubideren urraketa sistematikoa jasaten dute. Ikerlariek produzitzen duten edukiaren kalitateari baino, garrantzia handiagoa ematen zaio kantitate handietan publikatzeari, sariei edota kongresuetan aurkeztutako lanei. Honek edukiaren kalitatearen jaitsiera bat suposatzen du, bai eta presio ikaragarria ere. Ez da harritzekoa beraz, ikerlarien %35k antsietatea edota depresioa pairatzea, eta honen aurrean EHUk duen pasibotasuna salagarria: Leioa eta Gasteizeko ikerlari guztientzat psikologo bakarra baitu.

Ikerlarien lan baldintzak benetan kaxkarrak dira, asko dozentzia klaseak kobratu gabe ematera behartuta daude, eta, sarri, laneko gastuak norkbere poltsikotik ordaindu behar izaten ditu. Horri matrikulazioaren gastuak gehitu, eta esan dezakegu, ikerlariek lan egiteagatik ordaindu behar izaten dutela.

Laburbilduz, ezagutza sortu eta dibulgatzeko baino, kapitalaren behar produktiboak asetzeko instituzioak dira unibertsitateak kapitalismoan. Enpresen menpe daude eta merkatuaren beharren arabera aldatzen dira. Langile sektoreen baldintzak, berriz, gero eta okerragoak, guzti honen adibide garbienetarikoa izanik ikerlariena. Zentzu honetan, UIBtik argi daukagu ikerlarien lan baldintzen hobekuntzen alde lanean jarraitu eta enpresek norabidetzen duten ikerketekin amaitu beharra dagoela.