Iralaren ErreXistentzia

Iralako auzokideok manifestazioarako deialdia luzatzen dugu auzoa bitan banatzen duten obren amaiera aldarrikatzeko.

Hiru urte jada Iralako auzoa bi zatitan banatu zutela. Hiru urte, iralatarrek  Eskurtzeko plaza galdu zutela. Hiru urte udaletxearen erantzun baten zain. Antza denez, obrak urtebete iraungo zuten, baina trintxerak hor jarraitzen du, hautsak hor jarraitzen du eta auzotarrek hor jarraitzen dute euren eskubideak aldarrikatuz.

Udalarekin izandako azkenengo kontaktua uztailaren 8an izan zen, idatzi baten bidez, eta hiru hilabete barru oraindik ez dute idatziaren erantzunik jaso. Galdera oso sinplea da: Noiz amaituko dira obrak? Iralan bizi den jendeak, obren eta urbanizazioaren inguruko informazioa merezi du eta Udalaren isiltasunak egonezina eta zalantza dakartza auzora.

Auzo elkartetik, obren amaiera, hesien kentzea eta urbanizazio proiektuaren erabakiera modu parte hartzaile batean egitea aldarrikatzen dute. Auzotarrek, euren auzorako behar dutena erabakitzeko eskubidea dute eta hala jakinaraziko diote Udal Gobernuari. Instituzioetatik erantzun bat eman behar zaie auzotar hauei, bitartean, Iralak borrokan jarraituko du, hiritarrek daukagun tresna baliotsuenarekin; mobilizazio soziala. Horregatik, gaur, urriak 2, ostirala, manifestazioa egingo da Eskurtze plazatik hasita, Juan de Garay eta Pablo Picasso kaleak zeharkatuz. Helburua, Iralaren ErreXistentzia aldarrikatzea. Irala bizirik, Irala Borrokan!

 

Amaia Arenal Vidorreta. Udalberri-Bilbao en Común udal taldeko zinegotzia.