Irabazi Barakaldok eta Udalberrik Bizkaiko Foru Aldundiari Zorrotza eta Burtzeña artean, N-634 errepidean, bidegorri bat eraikitzeko proiektua abian jartzeko eskatu diote. Birmoldaketa honek, espaloi zabalagoaren eraikuntza suposatu beharko luke ere.
Alderdiek diotenez, bi udalerriak lotzen dituen errepide zati hau bi erraietako autobia bihurtzen da gehienetan eta ibilgailu gehienek 50km orduko gehienezko abiadura gainditzen dute.
Irabazi Barakaldok eta Udalberrik diotenez, “errepide honek ez du segurtasuna bermatzen, oso espaloi estuak dituelako eta horrek oinezkoen joan-etorria eragozten duelako”. N-634 errepidean “Santiago bidea egiten duten erromes ugari dabiltza eta baita ezkerraldera doazen txirrindulari asko ere” diote. Udal taldeek Basurto eta Zorrotza artean egin den bezala, errepide zati honetan birmoldaketa egitea eskatu diote aldundiari “Bilbotik ezkerraldera oinez edo bizikletaz joateko aukera bakarra delako”.
Udalberrik eta Irabazi Barakaldok proposamen hau hauteskunde-programan eramateaz gain, auzokideek change.org plataforman martxan jarri duten eskakizunarekin bat agertu dira, txirrindularien eta oinezkoen segurtasuna eta erosotasuna bermatzen duen bidegorri baten eta espaloi zabalago baten eraikuntza aurrera eramateko. Bi udalerrien artean bidegorria jarriz gero, Bolueta, Areako hondartza eta Sopuertako burdinbide berdea lotuko lituzkeen 30 km baino gehiagoko bizikleta-bidea sortuko litzateke.