Ukaezina da indarkeria matxistak gora egin duela. Bilbon, sexu-askatasunaren aurkako 58 delitu izan ziren 2016. urtean, 2015ean baino % 7 gehiago. Aurtengo urtarrila eta otsaila soilik hartuta 12 eraso izan dira, hau da, % 2,5eko gorakada iazkoarekin alderatuta.
UdalBerriko bozeramailea Carmen Muñozek uste du udala ezin dela besoak uztartuta egon egoera horren aurrean, eta gero penatuta dagoela adierazi estatistikak argitaratzen direnean. “Egoera honek kezkatu egiten gaitu, batez ere kontuan izanda datuek salaketetan oinarritutako egoera dramatiko honen zati bat baino ez dutela agerian uzten. Guk uste dugu lakra honen aurkako borroka areagotu daitekeela eta areagotu behar dela, eta horregatik proposamen honek neurri zehatzak biltzen ditu, batez ere prebentzioa lantzeko. Ezin dugu eraso matxista bakar bat gehiago onartu!”, zinegotziak esan duenez.
Kanpainak integrala behar du izan, fokua erasotzaileen gainean jarrita.
Protokolo espezifikoa Bilbao BBK Live Festival eta antzeko ekitaldietarako
Ekitaldi jendetsu eta masifikatuak, hala nola musika-festibal handiak, arrisku handiko guneak dira, eta, hori horrela, UdalBerrik protokolo espezifiko bat ezartzea eskatzen du, lehen mailako Europako beste festibal batzuetan egiten den bezalaxe.
Azkenik, eta sexu-erasoak prebenitzeko eta haiei zuzeneko erantzuna emateko, beharrezkoa iruditzen zaigu udalak autodefentsa feministako tailerren programa bat bultzatzea.