EHUN

Erabiltzailearen aurpegia Idoia Ugalde 2023ko ots. 1a, 18:40

Aste honetan ehun urte beteko ditu aititek. Erdi urduri, emozioz, gaude bai senitartekook bai bera, badakigulako mende osoa bizitzea ez dela egunero gertatzen den zerbait. Lagunartean kontatu dudanetan ere, berriak ez du inor hotz utzi. Harridura izan da nagusi, baten batek iruzkin orijinalagorik ere egin izan du (“hogeita hamar urte daramatza orduan zahar izaten”) eta historia ikuspegitik begiratu izan dionik ere bada (“Primo de Riveraren diktaduraren garaikoa”).

Gipuzkoako herri industrializatu baten jaio eta hazi zen aitite, eta zahartzaroaren beharrek alabarekin Nafarroako hegoaldera mugiarazi izan ez balute, han jarraituko luke, ziur. Haurrak santutegiaren arabera izendatzen ziren garaian sortua, sorpresaz jasoko zuen Hazia-Zia gatazka. Telesforo Monzon zaldi gainean herritik ikusitakoa da, bere erbestearen ostean Olaso dorrea falangisten egoitza bihurtua izan zeneko testigu izan zen (han ospatzen omen zituzten maiatzaren 1eko jaiak okupatzaileek), baita, azkenik, herriko ikur historiko gisara aitortu zutenekoarena ere. Ziurrenik aitite ez da dorre barruan inoiz egon, baina herriaren poz eta negarrak jasotzen dituen eraikinaren bilakaeren lekuko izandakoa da. Gaztetxean ere egon ez den arren, ezagun ditu kartzela zeneko hainbat pasadizo, niretzako beti mito izaeraz blaituta egon den Angiolilloren exekuzioa barne.

Haurtzaroan, gerratik itzulitako bere aitaren osabak karlistadetan bizitako abenturak entzun zituen, balkoian, guztien bistara zintzilik zegoen kasakak harrotasunez haize hartzen zuen bitartean; herriko lokatzetan jolastu zen beste haurrekin batera, galtza motzetan, eta gerrak eta miseriak herria hartu zutenean galtza horiek estutu eta penak isilpean gorde zituen, beste hainbatek bezala, biziraupenaren alde. Bilobak jostailu artean hazten ikusi zituen gerora, sekretu ilunak barnean gordeta oraindik.

Gaztetan bizikletazalea izan zen, trebea gainera, eta hainbatetan entzun izan dugu mahaiaren bueltan istorioa: bizikleta hartu eta herriz herri aritu omen zen behin, lagunak bisitatzen, halako batean Errenteria kartela ikusi zuenean. Hor dago anekdotaren muina: gazteak pentsatu zuen uste baino osasuntsuago zegoela eta Oreretara iritsi zela; tartetxo bat igaro zen Gernikako Errenterian zegoela konturatu zen arte. Etxera itzultzean, lagunen artean barreak egin zituzten hainbatetan, bizikletaz Errenteriara joan zenekoa gogoan. Urteak igarota istoriotxoa nire belarrietara iritsi zenean, okurritzen zaidan bakarra da hegazkinez hara eta hona goazenean aititek nola jasoko duen, bere abenturen eta gureen artean bi belaunaldi besterik igaro ez direla jakinda.

Aitite eta amamak bizi osoa egin zuten batera, amama beltzez jantzita ezkondu zenetik haren heriotzara arte; seme-alabak hazi eta hezi zituen amamak, tailerrean egin zuen lan aititek jubilaziora bitartean, lagunekin txikitotan ateratzen zen bazkal aurretik, eta balkoiko armairuan gordeta zituen konponketa txikiak egiteko bere altxortxoak: kotxeen bateriak, mailu, llaveallen eta destornilladore sorta ederra; larruzko zorro, zapata zola, metalezko xafla eta nire begietara inolako esanahirik gabeko tramankulu mordoa. Duela gutxi etxeko fatxada berriztuko zutelaeta armairua kendu behar izan genuenean, aita gai izan zen horietako askoren funtzioa oroitzeko; ni, batena ere ez. Baina, garbiketan batzuk bota arren, beste asko han geratu ziren, etxe eta oroimeneko txoko baten, haientzako bizi berri bat noiz asmatu zain.

Ehun urtetan komunikazioa, gizartea, gazteria, familia, lagunartea, genero rolak… zenbat aldatu diren kontu jakina da, soziologo eta historialariak arituko dira horretaz. Hala ere, asteotan, emozioz datorzkit burura azken ehun urteen inguruko galderak, eta, era berean, aititeren eta bere belaunaldiko beste hainbaten izen, hizkera, anekdota eta abenturak ez ahazteko lanetan aurkitzen dut nire burua, niretzako zuri-beltzekoa den bizitza horretaz dakidan eta ez dakidan guztiari eutsi beharrean bezala.