Sinpatikoa

Erabiltzailearen aurpegia Idoia Ugalde 2023ko mai. 5a, 14:20

Udalekuetatik bueltan beti zeramatzan kideen hitz politak koadernotxoan idatzita, nahiz eta berak ez zien garrantzi handirik ematen. Berak gutxitan idatzi zuen iruzkinik, gogoratzen ez zelako gehienetan. Gurasoen autoaren atzekaldean eserita, beste haur askok koadernoa irekitzen zuten bitartean, “oso jatorra zara” edo “pila bat gustatu zait zu ezagutzea” bezalako hitzen esperoan, berak siesta sakon axolagabea egiten zuen, bi astetan jolaskide, gelakide, piszinakide izandako horiek dagoeneko ahaztuta, eta abentura berrien bila.
 
Idatzi ez, baina esaten zituenengatik ezagutzen zuten bere ingurukoek. Mingain puntan zituen beti txiste zorrotzenak, komentario bizienak, besteen erraiak zulatzeko zain. Sinpatikoa, barregarria, horiek ziren definitzen zuten adjektiboak.

Urteak joan ahala beti bezain jator jarraitzen du, lagunak erraz eginez, txantxaz txantxa, edozeinen lepotik barre egiteko prest (lepotik ez, harekin, tira). Ondo doakio bizitza gainera: batera bizitzera joan dira eta bikote polita egiten dute, lankideek beti espero dute gabonetako afarira joango dela, kirola egiten du eta parranda ere bai, baina pasatu gabe.

Noizbehinka, lagunekin mahai bueltan antzinako pasadizoak gogoan, klasekide lodi hura erori zenekoa, edo beste haren belarriak edo mukiak edo txiza edo ahotsa oroitu ohi dituzue, alai, jostari; eta aurreko baten txizontziak igo zuen argazkia, mukidunak hartu zuen mozkorraldia edo lodiaren ligatzeko saiakera erridikuluekin lehertzeko moduko anekdotak harilkatuko ditu, esfortzurik egin gabe ia. Ez du txarrean egiten, diotsu zure barne-ahotsak, azala erretzen dizun mingostasuna itzali nahian, gainera, begira, barre-algaraka lehertzen dira guztiak; beti izan delako, egiatan, pertsona sinpatikoa.

Baina, sakonean, zuk, udalekuetatik bueltan, gurasoen kotxeko atzekaldean uzkurtuta, beste kideek idatzitakoak banan-banan, emozioz eta beldurrez irakurtzen zenituenak, badakizu bizitza ez dela hori, eta bizitza ez dela bidezkoa.