Badaukat gelan argazki bat, Gerediaga elkarteko egutegi batetatik ateratakoa. Ziurrenik Durangoko azokaren edizioren baten erosiko nuen egutegia, eta hilez hile orriak goraka igaro, argazki bakoitza hurrengoarekin estaliz, denboraren metafora izango bailitzan. Orri guztiak goian zeudenean, senitarteko eta lagunekin mahatsak jan eta txanpainarekin topa egin ostean, orduan aldatuko nuen beste egutegi batengatik Durangoko azokan erositako hura, eta kaxoiren baten gordeko nuen, ziur, beti delako goizegi lehenaldia lehenaldi dela onartzeko. Hilabete batzuen ostean, errutinazkoagoak izan beharko liratezkeen etxeko garbiketa horietako baten, kaxoia ireki eta erabakiko nuen lehenaldi hura bazela nahikoa lehenaldi, egutegia zakarretara bota nezakeela. Baina ez aurretik azken begiratua bota gabe. Bilerak, kontzertuak, lagunen urtebetetzeak, asteburu pasak, medikuarekin zitak, laneko konpromisoak, azalpenik gabe borobildutako egun eta asteak... minutu eskasetan urte oso bat igaro nion nire buruari begi aurretik. Baina lehenaldiko marken zentzua harrapatzen nenbilela, denboraren joana atseginago egiteko erabiltzen diren argazki horietako batek, uztailaren gainean zegoenak akaso, deitu zidan atentzioa. Eta irudi horretara noa.
Zuri-beltzeko argazkia da, elizako atarian aterata, XX. mende hasierako eszena bat. Azoka eguna da eta dendari, erosle eta barazki edo goxo postutxoek betetzen dute eliza aurreko plaza. Lehen planoan haur bat agertzen da, praka motzetan, noski, eta jaka jantzita (domeka izango zen). Lurrean dagoen zerbaiti begira ari zaio, eta gorputza harantz okertuta dauka, jostari. Pilota bat, txori bat, intxaur-azala... planotik kanpo geratu da haurraren atentzioa bete-betean harrapatu duena, hortaz, imajinatu dezala bakoitzak.
Haurraren ondoan, postu baten atzean geldi da gizon bat. Txapela, praka luze ilunak, artilezko jertsea, eskuak patrika banatan. Eta begira ari zaigu. Bere salmenten, arduren, bizitzaren, eta bere mendearen zilborretik begira ari zaigu. Ez dauka begirada zorrotz edo maltzurra, ezta onbera ere bereziki; begira dago, besterik gabe, baina guri. Zer ikusten zuen? Zer ikusten zuen mende oso bat beranduago egutegi baten itsatsita utziko zuen gizartean? Esperoko al zuen zerbait gutaz? Eta gu, gertu al gaude plazan, zarata eta mugimenduaren erdian geldi, nahi gabe etorkizunari begira ari zitzaion gizon horrek ikusten zuenaz? Gertu al gaude berataz?
Orain gelan ditut haurra, plaza, azoka, eliza, gizona, haren begirada. Eta batzuetan nire buruari galdetzen diot nola begiratuko gaituzten, haiei begira, hemendik mende batera euren egutegietan itsasten gaituzten horiek.