Asteartea, goizeko 10ak. Bankuko ilara. Euritakoa astinduz sartu zara, eta ez dizu ardura izan itxi eta izerdi usainak, goiz osoan bufanda kentzeko aukera bakarra baliatu duzu irribarre erdiz, ilaran kokatu aurretik. Zure parean dagoen andrari keinu egin diozu (“gaur luze itxoitea tokatuko da”) eta berak ez du gehiagorik behar izan: ez dago lotsarik, esan dizu gazteleraz, erlojua seinalatuz, hogei minutu pasata.
Ilaran dauden besteei begirada bota diezu, eta konturatu zara itxi eta izerdiarenarekin batera artegatasunaren usaina ere badela giroan. Petra eta Joxe Marik elkarri eusten diote ukondotik, esku bana erosketetako karrito baten bermatuz; Adelaida telefonoz ari da azalpenak ematen, badoala, bankuan dagoela zain, errekadua egin behar duela eta itxaroteko tarte baten haurrarekin, laster doala, bai, laster, hamar minutu, dio konbentzimendu askorik gabe; Markelek Instagramen bilatzen du uneotan behar duen alienazioa, lanean ordu erdi hau deskontatuko dioten galdera planteatzeari uko eginez; Josetxu amarekin dago Whatsapp bidez hitz egiten, orduan aseguruaren inguruan zer galdetu behar dut, bale, ama, bai ulertu dut, eskerrik asko, eta amak, etxean, uste du berarekin joan behar zuela, mutil honek ez du gauza hauetarako balio; Mertxe aterkiarekin kanta baten melodia jotzen ari da, non itsatsi ote zaion gogoratu nahian, erresidentzian aitaren bisitarako denbora galtzen ari denaz jakitun; Lorena ulertzen saiatzen ari da Pilik ematen dizkion aginduak, sudurra Isabelen kontu-korronteko mugimenduetan sartuta, ezer ikusi gabe, Piliren arnasa lepondoan sentitzeak ematen dion nazka ahaztu nahian.
Orduan gertatu da.
Ordura arte geldi, itxuraz lasai zegoen Marisak “Bueno, zer!?” oihukatu du, eta guztiok ulertu dute zertaz ari den. Aurpegiek galdu dute galbana, apatia, eta ilundu dira bekokiak, tentsionatu sorbaldak, estutu ukabilak. “Ordubete baino gehiago daramat hemen, nahikoa da”, “Badaukagu hemen zain egon beste zereginik”, “Bi kutxazain besterik ez, beste guztia hutsik, tenteltzat hartzen gaituzue” esaldiak bata bestearen atzetik datoz, askatzaile, elkarri entzun gabe eta elkarri arrazoi emanez. Pilik burua altxatu du eta sudurra zimurtu, Lorenak “ahal duguna egiten dugu” lotsatia bota dio ordenagailuaren pantailari, gainera datorkion zurrunbiloaz jakitun.
Pilik besoak zabaldu ditu, eta burua alde batera okertu, behin coach ikastaro baten irakatsi zioten bezala; piztiak lasaitzeko lasai-itxura hartu behar du norberak, autoritatea mantenduz, aita ulerkor baten pare. Sorbalda ukitu dio Adelaidari, Mertxeri baiezkoz erantzun dio, eta besoak gurutzatu ditu esanez “bai, badakit, badakit, ahal duguna egiten ari gara; zuen aurrezkiak dira guretzako gauzarik garrantzitsuena, horregatik denbora behar da, eta krisialdia, badakizue, guztion etxera iritsi da, eta langileak egonkortu nahi izan ditugu, ez edozein-moduko-kontratuak egin gazteei” eta Lorenarengana zabaldu du esku ahurra, “ikasten ari da, hilabete bakarrean beste edozein bezain azkar arituko da, baina ikasi behar du”, eta sentitzen dut eta ulertu ezazuen artean Lorena ere ia-ia konbentzitu du, eta pentsatu du ea nolakoak diren edozein-moduko-kontratu horiek, ez bada berak orain daukan hilabeteko praktiketakoa, ez zekien horren azpitik ezer bazegoenik.
Purrustada gutxiago edo gehiagorekin, baina itzuli zarete ilarara. Banan-banan artatu zaituztete Lorena edo Paul bere lankideak, nominak, hipotekak, zorrak, alokairua, asegurua, herentzia… izan. Pilik begia kliskatu dio Lorenari honek ulertu ez duen keinuan, eta banan-banan atera zarete kalera, jaka itxi, bufanda lepoan estutu eta aterkia irekiz jakinda, hala ere, zerbait izan zitekeela gaur, asteartea, goizeko 10etan bankuko ilaran gertatu dena.
Zerbaiten hasiera, behintzat.