uriola.eus

Uribarri Egunak auzolana eta izaera sozialagoa eta parte-hartzaileagoa izango ditu

Erabiltzailearen aurpegia   Jendartea

Hiru urtez Uribarri Eguna ospatu ostean, gure ustez, ikuspegi berri bat behar du egun honek. Horretarako, nazioartean eta era lokalago batean egindako zenbait eragileren esperientzian eta ekimenetan jarri dugu arreta.

Urritik aurrera, Uribarri Auzolanean proiektuko kideok auzoaren analisia eta diagnostikoa egiten aritu gara. Lan guzti horren ondoren ateratako ondorioak aztertuta, proposamenak idazten ari gara, eta bertan, auzokideok nahi dugun auzoaren “argazkia” ere egiten dugu.

Horretan ari ginela, iruditu zaigu elkarteak eta taldeak 'gizartean aurkeztearen' zikloa dagoeneko gaindituta dagoela eta amaitutzat eman daitekeela. Hala, bada, auzoan modu eraginkor eta parte-hartzaileago batean jardutea proposatzen dugu; hau da, auzoan bizi garen pertsonontzat onuragarriak izango diren ekintzak egitea, auzokideon bizitza hobetuko duten ekintzak. Horren guztiaren oinarri da auzokideon eta auzoko taldeen elkarlana, garai bateko asoziazionismoa alde batera utziko duen izaera emanez.

Egindako analisi eta diagnostiko lanean, batik bat hiru alderdi nagusitan jarri dugu arreta, 2015eko Uribarri Eguna antolatzeko orduan.

1- Auzoaren batez besteko adina Bilbokoa baino zaharragoa da; gainera, auzokideen kopurua gero eta txikiagoa da.

2- Auzoaren orografia Artxandaren mendi-­hegalak asko mugatzen du, eta aurreko puntuan esandakoarekin batera, auzokideon irisgarritasunean zailtasunak jartzen ditu horrek; batez ere, egunerokotasunean auzoan zehar dabiltzan adinekoentzat.

3- Barrutian, historikoki, asoziazionismoak ibilbide luzea du, bai eta sare asoziatibo aktibo bat ere.

Hori guztia kontuan hartuta, 'Auzolan' hitzaren esanahi literala eta soziala azpimarratu nahi ditugu, bai eta pentsaera edo filosofia hori muturreraino sustatu ere: bizilagunon alde elkarlanean lana egin. Hala ere, gure auzoaren izaeraren edo esentziaren oinarri den osagaia gehitu nahi diogu definizio horri, izaera asoziatiboa: Koordinakundetik sustatu, eta norbanakoek praktikan jarri.

Beraz, aurtengoan izaera sozialagoa eta parte-hartzaileagoa eman nahi diogu Uribarri Egunari, auzoan beren itzala utziko duten, eta datozen urteetarako oinarri izango diren hiru jarduera gauzatuz; hau da, auzoa hobetzeko, auzoan eraginez.

 

Auzolana aurtengo Uribarri Egunean

Elkarlanean jarduteko hiru ekintza pentsatu ditugu, Auzolanaren lanerako filosofia kontuan hartuta; hau da, auzoko beharrizan bati aurre egiteko, auzokideok esku hartuko dugu eta ekingo diogu beharrizan hori asetzeari, borondatez lan eginez, auzoarentzat onuragarri sentituz.

Hirigintza taktikoan esku hartu

Panerako orubea zeharkatuz, Harritxoen plazatik Zumalakarregiko autobus geltokira doan bidea (desiraren bidexka, ingelesez desire line edo desire parth deritzona) drainatzea eta berdintzea.

Panerako IV eraikineko bizilagunek eraikina eraikitzea geldiarazi zutenetik, orube hori parke gisa atondu zuten auzokideek. Harritxoen plazako aparkalekua eta jokalekuak egin zirenetik, orube hori igarobide edo pasabide bihurtu da. Pasabide horretan, beren egunerokotasunean, bideak eratuz joan dira auzokideak. Horietako bat da Harritxoen plazatik Zumalakarregiko autobus geltokira doan bidexka, naturalki bizilagunok eratu duguna.

Planifikatu gabeko bidexka bat denez, ez dago egokitua; beraz, euria egiten duenean putzuz betetzen da, eta ez da erabilgarria. Era horretan sortutako bidexkei “desiraren bidexkak” esaten zaie; eta izenak esaten duen bezala, bertatik igarotzeko desiraz, pertsonak pasatzearen ondorioz sortzen dira.

Oro har, parkeetan eta orubeetan agertzen dira, bideak ez direlako planifikatzen, edo aisialdian soilik pentsatuz egiten direlako bide horiek, ez delako pentsatzen leku batetik bestera biderik laburrena eginez ibiltzeko beharrean. Halako bidexkak auzoko eta Bilboko hainbat lekutan topa ditzakegu, ezagunetakoak dira Etxebarria Parkean daudenak:

Garai batean Panera IV eraikineko bizilagunek izan zuten izaera eta jokabidea berreskuratu nahi ditugu, beren kabuz Panerako orubeko parkea eraikitzera eraman zituen izaera hori, hain zuzen ere. Oraingoan, aipatu dugun bidexka egokitu nahi dugu, bertatik ibiltzeko gutxiengo batzuk bete ditzan. Orubea eremu pribatua bada ere, eta gerora zer edo zer eraikiko dela jakin, momentuz, eta hori gertatu bitartean, egunerokotasunean erabilgarri bihur dezakegu 'desiraren bidexka'. 

Horretarako, hauxe egingo dugu:
• Bidea berdindu, altuago dauden lekuetatik lurra kendu eta baxuago daudenetara eramanez.
• Drainatzeko ubide bana egin bidearen alde bakoitzean, ura bideratzeko.
• Bidearen gainazala tamaina desberdineko kareharriaren agregakinekin bete, lokatzik eratu ez dadin.

Erabiliko diren material eta tresna guztiak ingurutik hartuko dira, edo auzokideek utzitakoak izango dira.

Lau eserleku edo banku egin paletekin
Brujas (Belgika) herriko zenbait pertsonaren esperientziari erreparatuta, egurrezko lau banku egingo ditugu paletak berrerabiliz.

Julien Deswaef sortzaile eta Brujaseko bizilagunak paletekin egindako bankuak diseinatu zituen. Bankuak diseinatu eta egin ondoren, argibideak Creative Commons lizentziapean utzi zituen, nahi zuenak eskuragarri izan zitzan.

Egingo ditugun bankuetako bi bidexkaren ertzetan dauden zuhaitzen azpian jarriko ditugu, zuhaitz bakoitzean banku bat. Era horretan, inguruneaz gozatzeko elementu bat gehituko diogu bidexkari. Gainerako banku biak bidexkaren amaieran jarriko ditugu, Etxebarria Parkeari begira.


Oroimenerako mural bat irudikatu
Duela urte batzuk, Panera IV eraikineko auzokideek parkea egin zutenean, Harritxoan plaza futbol zelai bat zen. Zelai horretan aldagela gisa erabiltzen zen kaseta bat zegoen, eta bertan, parkea eraikitzeko lanetan jardun ezin zuten bizilagunek mural bat egin zuten. Guk ere mural bat margotuko dugu IV eraikinaren horman, garai batean kasetan egindako mural berbera, hain zuzen ere.

Horrela, jarduera hau zonalde horretako historiarekin lotuko dugu, eta garai batean egindako lanaren oroimenerako mural gisa utziko dugu.

Ekintza hau, batik bat, proiektuan parte hartu nahi duten gaztetxoenei zuzenduta dago.

Muralaren argazkiak lortzeko, zenbait auzokiderekin jarri gara harremanetan, eta, horrez gain, IV eraikineko jabekideen erkidegoari behar den baimena eskatuko diogu, beren ondasunean murala egin ahal izateko, eta etorkizunean mantendu dadin.

Hori guztia egiteko hainbat material eta tresna beharko ditugu. Horiek lortzeko Auzolanen filosofiari eutsiko diogu: auzoko bizilagunei eskatu. Maiatzaren hasieran proiektu hau azaltzeko komunikazio-­kanpaina jarri dugu martxan auzoan, egitasmoa eta jarduerak azalduz. Bertan, proiektuari babesa edo atxikimendua eman dezazuen eskatu dizuegu, auzokideoi parte hartzeko deia egin dizuegu eta jarduerak gauzatzeko behar den materiala eskatu dugu.

Egunean bertan, beharrezko den material guztia lortuko ez bagenu, daukagun materialarekin egingo genituzke jarduerak, proiektua momentuan dugunera egokituz.

Tresnei dagokienean, dagoeneko lotuta ditugu denak; beraz, materiala da eskuratu behar duguna. Lehentasuna dutenak hauek dira:

• EPAL-­EUR egurrezko bost palet.
• Egurretarako tirafondoak.
• Esmalte pintura, bankuentzako.
• Kareharrizko agregakinak eta harriak, bidexka betetzeko.
• Koloretako pintura plastikoa, murala margotzeko.

 

Uribarri Eguna 2015 - Egitaraua
Aipatutako jarduerez gain, ekimen estatikoak ere gauzatuko dira Uribarri Egunean. Programa oso aktiboa pentsatu dugu, gizarte mailan eragin handia izango duena; hala ere, aurreko Uribarri Egunen haria ez dugu eten nahi.

Harritxoan plaza inguruan produktu ekologikoen (barazkiak eta esnekiak) eta auzoko artisautza lanen  erakusketa-­salmenta jarriko dugu.

Gainera, Panerako eraikinaren azpian, muralaren ondoan, auzoko taldeei buruzko informazio panelak (aurreko urteetan erabili ditugunak) jarriko ditugu.

Umeentzat, muralean parte hartzeko aukeraz gain, zabuak edo kolunpioak dauden eremuan zenbait jolas egingo dira.


Data: Larunbata, 2015eko ekainaren 27a.
Lekua: Harritxoen plaza, Harritxoen plazako jokaleku estalia eta Panerako orubea.

10:00 – 14:30 HIRIGINTZA TAKTIKOKO TAILERRA

ETOR ZAITEZTE LAN EGITEKO ARROPAREKIN

10:00 – 10:30 Harritxoen plazako zabuen inguruan:

Parte hartu dutenekin bilera. Jarduerak azaldu eta betebeharrak banatu.

10:30 – 12:00 Harritxoen plaza eta Panerako orubea:

Bidexkako lanak gauzatu, bankuak egin eta murala margotu.

12:00 – 12:30 Harritxoen plaza:

Atsedenaldia eta hamaiketakoa, Auzoa Berritzen- 2. Barrutiko Merkatarien Elkartearen eskutik

12:30 – 14:30 Harritxoen plaza eta Panerako orubea:

Bidexkako lanak gauzatu, bankuak egin eta murala margotu.

Tailerrak, Uribarritzen, Galtzagorri Taldea y ZurbaranJai Kultur Elkartearen eskutik.

11:00 – 15:00 GARENA EZAGUTU

11:00 – 15:00 Harritxoen plaza:

Artisautza Azoka:

  1. Merkromina Arropak: Arropa, osagarriak,
  2. Anhita: Paperezko artisautza
  3. Haiku: Teak eta infusioak
  4. Aitziber Eskulanak: Bitxikeriak, osagarriak, …
  5. Aroa eta Oscar: Bitxikeriak, osagarriak,…
  6. Bizitegi Elkartea: Kartoia, egurra, larrua,…
  7. Potingues Verdes Vivos:Kosmetiko naturalak
  8. Julen

(Postu bat jarri nahi baduzu, edo norbait ezagutzen baduzu, jarri harremanetan gurekin: Esti 944 460 911 edo uribarriauzolanean@gmail.com)

Auzoko taldeen panelen erakusketa.

Umeentzako jolasak Uribarri Konpartsarekin.

15:00 – 17:30 INDARRAK HARTU

15:00 – 17:30 Harritxoen plaza edo, euria eginez gero, jokaleku estalia:

Prezioa: 8€

Txartelen salmenta: Bizitegi Elkartea, Matiko Berria, Endika Taberna, Bar Tito

Menua: Paella, edaria, postrea eta kafea.

Tanttaka Euskara Taldearen eskutik.

17:30 – 20:00 ETORKIZUNARI BEGIRATU

17:30 – 18:00 Harritxoen plaza edo, euria eginez gero, jokaleku estalia:

Lezamako Trenbide Zaharreko Bideari buruzko azalpena.

Gailurrak Artxandako tunelera egindako bisitaren azaldu.

18:00 – 20:00 Harritxoen plaza – Lezamako Trenbide Zaharra Bidea

Artxandako tunelaren sarrera bisita gidatua.

Irteera 18:00etan Harritxoen Kanpatik edo 18:30etan Artxandako  “Euskal Sena”-ko aparkalekuan.

Gailurra Mendi Taldearen eskutik.

20:00 – 22:00 BUKAERA EMATEKO

20:00 – 22:00 Paneratik auzoko tabernetara:

Poteo eta AUZO KANTARI: Uribarriko Agate Deuna Abesbatza, Zurbaran Eskolako Mintzalagun Taldea eta Salbatzaile Dantza Taldearen eskutik.

Kantutegia eta ibilbidea, infouribarri.org webgunetik eskura dezakezue

infouribarri.org

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa