Euskal brigada batek Rojavan izandako esperientziaren kontaketa

Erabiltzailearen aurpegia Zirika! herri gunea 2019ko urt. 17a, 13:57
Joan den udan Rojavara joandako euskal brigadista talde batek hitzaldi bira antolatu du Euskal Herri osoan zehar. Uratarrilaren 24an Zirika! herri gunean izango dira euren irakaspenak kontatzen. 

Pasa den udan, Ekialde Hurbilean garatzen ari diren esperientzia iraultzaileen inguruko jakin-minak, Euskal Herriko militante multzo bat Kurdistango Rojavara abiatu ginen. 2012tik, eta "udaberri arabiarren" testuinguruaren baitan, urte luzez denon ahotan egon da Rojavako (Kurdistango mendebaldean) Konfederalismo Demokratikoaren proiektu politikoa.

Benetako iraultza al da? Zein hausnarketetatik dator historikoki mugimendu kurduak aldarrikatutako estatu propio baten gaur egungo ukapena? Zeintzuk dira XXI. mendearen baitan iraultza batek dituen elementu garrantzitsuenak? Zein formatan garatzen ari da emakumeen borroka? Hauek eta beste hainbat galdera genituelarik ekin genion bideari. Ez pentsa, baina, galdera guztiei erantzuna topatu geniela.

Galderak argitzeko nahia bai, baina, hori ez da izan bidaiari ekiteko eduki dugun bultzada bakarra. Irmoki uste dugu beste herrien borrokak babestea eta bultzatzea iraultzaile guztion ardura dela, nahiz eta kritikak edota desadostasun konkretuak izan.

Internazionalismoaren praktikatik, Euskal Herriko militante gisa gure babesa adieraztera joan ginen haraino eta gure herrian hango esperientzia azaltzeari ekingo diogu datorren hilabeteetan.

Gure internazionalismoaren ulerkeran, beste borroketatik asko ikasteko dugula uste dugu, eta kasuan-kasuan, borrokarako baliagarriak diren elementuak hartu eta beste prozesuetan aplikatzea interesgarria dela deritzogu.

Rojavako Iraultzaren, Ekialde Hurbileko geopolitikaren, egitura politiko ezberdinen, antolakuntza moduen, militantzia ereduen, kontraesanen, ikaspenen eta abar luzeen baten inguruan mintzatzeko hitzaldi bira bat antolatu dugu Euskal Herri osoan zehar. Guk bizitako esperientziatik sortutako analisi zein hausnarketa batzuk garatu ditugu, besterik gabe. Horretaz aparte, gai konkretu batzuekiko idatzizko hausnarketa zein kronikak plazaratuko ditugu.

Kurdistanekin elkartasunean topatuko garelakoan, interesa duen oro hitzaldietan parte hartzera animatzen dugu. Biji Kurdistan!