Ostegun arratsaldean, Pello Ulaziaren Kartoia, papera, guraizeak liburu aurkezpena izan genuen Zirika! Herri gunean. Iñigo Martinez Peña filosofoak egin zion sarrera, gaur egun “hodeia”ren zentraltasunaren aurrean objektua, materia aldarrikatuz, Byung-Chul Hanen hitzen laguntzaz.
Izan ere, Kartoia, papera,guraizeak ez da liburu bat; ez behintzat ohiko liburua, edo liburua soilik. Objektu bat da, beste gauza askoren artean. Argudia genezake liburu oro dela objektu bat, baina argia da, bestalde, guztiek ez dutela haien objektutasuna definigarri. Tira, kontua da liburu honek hiru dimentsiodun izaerarekin jolasten duela, materialtasunarekin.
Liburu-artelan honen sorkuntza konfinamendu garaian hasi zen, garai berezi horrek bizitzaren abiadura gelditu zuen bat-batean, eta Pello Ulaziak geldiune hori erabili zuen, eskuz, etxean zituen kartoi, paper eta guraizeekin espazioaren inguruko gogoeta egiteko: etxea babesleku izan daiteke, baita kartzeala ere, eta hainbat formatan eman daiteke kontraesan hori.
Artea egia adierazteko modu gisara ulertzen du autoreak, zirikatzeko, erresonantziak eragiteko balio duena, eta materialitatea deseraikitzearen bidez eraiki zuen ostegunean aurkeztu zigun liburua. Jostari, bai, eta sakon, aldi berean. Objektuak erresistentzia direla, geldialdi bat dakartela, dio Byung Chul-Hanek, eta besteengan oihartzuna, erresonantzia, eragiteko aukerak ematen dizkigutela. Horrela ulertuta, Kartoia, papera eta guraizeak ez da liburu bitxi eta ederra soilik, arte-lan bat da, objektu bat, espazio bat, gordeleku edo etxe bat ere bai, bere oskol propioduna, eta, horiekin guztiekin batera, gure bizimoduari eta okupatzen ditugun espazioei buruzko gogoeta ere bada.
Formek, koloreek, hiru dimentsioek, poema deseraikiek, eskuz eginiko objektuen...hauek guztiek bete zuten Zirika apirilaren 25eko arratsaldean, autoreak artearen espresio materialena ekarri zigularik. Orain liburua mesanotxean eduki eta materialtasun horrek irekitzen dizkigun bideetan barrena aritzea geratzen zaigu.