Aste honetako astelehenean, ekainaren 3an, aurkezpen hirukoitza eduki genuen Zirikan: Matxinorroprotestak, Goseak akabatuak eta Animalien askapenerako gogoetak; euren artean ezberdinak izanik ere, antiespezismoaren borrokan aurrera egiteko tresna bezala sortu direnak. Haurrentzako liburu bat, saiakera bat eta fanzine bat, hurrenez hurren. Aurkezpenerako, gurean izan genituen Nor antiespezistako Maialen, Bilboko animalistakeko Junkal eta Zaunk! kolektiboko Olaia; Euskal Herri mailan, Bilbo mailan eta Iruñerrian aritzen diren kolektiboetako kideak, hain zuzen.
Euren askatasunaren alde matxinatzen diren animaliak, bizi garen sisteman animaliei ematen diegun kokalekua azaltzen duen saiakera, eta antiespezismoan aritu diren pertsona ezberdinek plazaratutako hausnarketak dira argitalpenon gaiak. Agerikoa denez, euren artean oso ezberdinak dira argitalpenak, mezua eta izaera kolektiboa amankomunean duten arren; izan ere, behar ezberdinetatik abiatu zen proiektu bakoitza. Junkalek Animalistak kolektiboak haur-literaturan hutsunea somatu zuela adierazi zuen, eta horregatik erabaki zutela mezu antiespezista gazteenei helarazteko liburua itzultzea. Nor taldeak, berriz, oinarri ideologikoa finkatze bidean aukeratu zuen Bob Torresen Goseak akabatuak, eta Zaunk! taldea militanteen hausnarketak partekatzeko grinak bultzatu zuen.
Abiapuntua ezberdina izanik ere, hiru kolektiboak daude emaitzaz harro, eta plazara salto egin izanaren garrantziaz aritu ziren, pedagogia egiteko, ikusgarritasuna irabazteko eta, bidean, kolektiboak eurak indartzeko ere. Durangoko azokan parte hartu izanaren garrantziaz mintzatu ziren Maialen eta Olaia, eta denek aipatu zituzten irakurleengandik jaso dituzten iritzi positiboak, esker onekoak maiz. Izan ere, hutsune asko dagoela onartu zuten guztiek.
Hutsuneak, bai, animaliaren askapenaren inguruko produkzioari dagozkionak bai, baina zehatzago, animalien askapenaren gaia euskaraz lantzeari dagozkionak. Euskaraz, zergatik? izan zen Ziortza aurkezleak planteatu zien azken galdera. Gurera ekartzeko, inguruko eragileekin sareak eraikitzeko bide delako, eta gure herria hobeto ulertzeko antiespezismoa beharrezko gakoa dela argi uzteko ere bai. Euskara plano guztietan erabiltzea, animalien askapenaren aldeko borroka bezala, erabaki politikoa baita, eta ez batak ez besteak bide erraza ez duen arren, orain arte bezala bide hori urratzen jarraituko dutela adierazi zuten hirurek.