Sorgin-orratzen mitoaren sena

Erabiltzailearen aurpegia Ainhoa Güemes 2014ko urr. 3a, 10:48
Argazkiak: eu.wikipedia.org

Ez, ez naiz makropolitikaz arituko. Ezta pentsatu ere. Aldiz, etxe honetako kideok kurtso berrirako atea zabaldu didazuela bihotzez eskertzeko asmoarekin, atzo, supermerkatuko garajean topo egin nuen sorgin-orratz baten lorratz kilikagarria ekarri nahi izan dizuet honaino. Hain zen ederra garaje grisaren zoruan beldur eta zaurituta aurkitu nuen sorgin-orratz hura! Urdin, beilegi eta berde disdiratsuak bere gorputz ahul, fin-luzean.

Ziur naiz ipuinetako maitagarrien hegoen irudikapena sorgin-orratzek dituzten hego zoragarrien kopia hutsa baino ez dela. Zoru zikinean ikusi eta nire eskuekin izakitxoa laguntzen saiatu nintzen, eta noski, sorgin-orratz hori ez zen nitaz batere fida! Itsumustuan, haginka egin zidan atzamarrean. Ondo egina ausart hori! Baina nik salbatu nahi nuen eta oihal larrosa baten barruan sarturik babestu nuen; kotxea arrankatu eta zelai bakarti bat bilatzera atera nintzen garaje zatarretik. Landare artean askatu nuen behingoz, bere hegoak astintzen hasi zen artega, handik bi minutura oraindik makal zebilen gixajoa. Hiltzen bada, pentsatu nuen, libre hil dadin zelai zabalean, ilargiari so.

Heriotza duin bat zer den eta zer ez den deliberatzen nuelarik, Sofoklesek idatzitzako tragedia ekarri nuen gogora. Antigonaren tragedian azaltzen denez, Polinices eta Eteocles anai biak, Tebas gobernatu nahian, bata bestearen kontrako borrokan hiltzen dira. Creonte erregeak Eteoclesi hildakoek merezi zituzten ohoreak eskaini zizkion. Bestalde, Polinicesen gorpua lurperatu gabe utzi zuen, piztiek jan zezaten. Hari hau segituz, berehala, Berria egunkarian irakurritako artikulu batekin erlazionatu nuen tragedia klasikoaren argudioa; ‘Etxean ezin konpondu’ titulupean, Enekoitz Esnaolak EAJ eta ezker abertzalearen arteko harreman hotza, gogorra eta zailaren berri ematen digu, 1977tik gaur egunera arte. Anaien arteko elkar ulertze eza, mesfidantza, haustura. Familia bereko anaiak (edota lehengusu propioak) denbora luzean enfrentamenduan jardun dira: Arzalluz, Elkoro, Agirre, Aldekoa, Ollora, Idigoras, Iruin, Egibar, Aoiz, Otegi, Etxeberria, Permach, Imaz… eta diot nik, sufrimenduaz gain, plazerren bat ere atera diotela leihari, nahiz eta betiko eskema perbertsoak behin eta berriz erabili, Errealitate Bera erreproduzituz etengabean…

Benetan iruditzen zait ulergarriagoa, askoz erakargarriagoa sorgin-orratzek airean marrazten duten kodea edozein estatu-gizonek inposatzen duten ekintza diskurtsiboa baino. Bizi-legea nahiago giza-legearen dialektika neurotikoa baino. Antigonaren gardentasuna eta erresistentzia nahiago, Polinices eta Eteoclesen guda nekosoak baino. Beraz, aurten, bizitza duin bat zer den asmatzen dudan bitartean, sorgin-orratzen mitoa asmatu beharrean nago, non lurraldetasunaren kontzeptua insektoen hizkera arin eta aldakorren singulartasunean dekodifikatuko den: etorkizuna, indarrak, sakabanaketa, biolentzia, fronteak, lankidetza, subirania, historia, eragileak, sistema, estatua, baliabideak, gogoeta, berritzaileak, intelektoa, hobekuntza, desberdina, baketsua, potentzialitatea, politika, prozesua, komuna eta konfiantza bezalako hitzak behin betikoz beste sen bat har dezatela.