Artea eta feminismoaren arteko suturak

Erabiltzailearen aurpegia Ainhoa Güemes 2014ko aza. 5a, 09:32

Badira genealogiak eta konstelazioak bai artearen inguruan bai feminismoaren baitan. Ezer ez da bat sorkuntza eta pentsamendu kritikoaren erresuman: suturak daude edonon.

Egon badira ere izaera eta adierazpen anitz, Euskal Herrian, esaterako, azkenengo urteetan artea eta feminismoaren uztarketa jorratu duten ekintza potente ezberdinak gauzatu dira, besteak beste, izen-abizenak dituztenak: Estibaliz Sadaba, Azucena Vieites; baita talde bezala bilakatu diren batzuk: Erreakzioa/Reacción, Wiki-Istorioak, Plataforma con A, edo Gudari Kings Komando Anonimoak.

Historia ofizialarekin baino genealogiak zerikusirik du odolarekin, arnasarekin, bizitzeko grinarekin, gorputzaren konbultsio estetiko zein etikoekin. Zeren eta zer da artea potentzia fisiko eta potentzial intelektualik gabe? Eta nondik ateratzen du artistak bere burua hornitzeko behar duen indar afirmatiboa? Lan egiten du artistak herriarekin batera, ala bakardadea da bere txokorik preziatuena? Bestalde, zer da feminismoa adierazpen politikoa ez baldin da? Nora eramaten gaitu kritikoki pentsatzeak? Eta kritikoki pentsatzea artetik? Estetika eta ideologia, bidai-lagun onak dira? 

Galdera hauek planteatzen ditugun bitartean, merezi du benetan paseo bat ematea San Telmotik, pasa den urriaren 23tik Suturak izeneko erakusketa kolektiboa dago bertan museoan, Javier Saenzek komisariatua. Tematika zabala da, borroka ideologiakoarekin batera piztu den arte garaikidea… itsasoaren ondoan gure altxorra ondo babestuta ikusi nahian, heldu da eguna laburpen genealogikoa egiteko gure artean eta gure arteari buruz, nahiz eta, Kontxa Elorza artistak erakusketarako idatzi duen testuan gogoratu duenez, jende askok egin duenaren lagin xume bat baino ez da hemen bildutakoa. Zeren eta ezer ez da Bat, eta erakusten ez den askoz gehiago egon badago gure artean sortua.