Gorputz

Erabiltzailearen aurpegia Ainhoa Güemes 2014ko abe. 4a, 10:27

Gure dimentsio fisiko eta intelektualak begiztatzea gorputz-adar zatikatu edo banatuzko nahasmahasa balitz bezala ezinezkoa da, horrek eskizofrenia gisako atean erortzea eramango gintuzke.

Sabela eta burmuina ezin dira izan antagonista soilak, organismoaren baitan bata besteari so: susmakor, ezjakin. Biak ala biak, munduaren funtzionamendu errealera doituagoak diren praxis desberdintzaileak praktikatzen saiatzen dira. Burmuina zein sabela analitikoki elkarri lotuak daude, ia ezin bereizizkoak sarritan. Bai sabela bai burmuina, beraien jardunbidez, erlazio-identitatez berba eginez, kategoria erlazionalen jokoan sartzen dira. Arrazarik, sexurik, klaserik, generorik ote duten galdezka ari dira nire sabela eta nire burmuina. Gatazkako joko honetan haragiztatzen da nire gorputza, genealogia propiorik artikulatzeko gai izango naiz?, galdetzen dio sabelak burmuinari.

Honetara, organoak beraien aritzean kontakizun-kode berriak asmatzeaz eta iraultza fisikoaren beharraz kontziente dira. Aire freskoa eta berritua arnasteko premia handia dute, kontakizunaren konbentzioak lehertzekoa. Organoak, barneko zein kanpoko espazioa tenkatzean, muga berri bat aurkitzen dute. Gorputza porotsu eta moldagarria. Tolesduren bitartez kaos esperimentala zabaldu egiten da. Mugetariko bat gorputza bera baita. Haragizkoa nahastea, inorganikoa organikoaren aurka, eta aurki. Gure gorputza gudu zelaia baita. Gehiegizkoa. Nardagarria. Zapaltzailea. Disidentea. Tragikoa. Sortzailea. Zure larruazala beste edozeinena bezain sentibera da. Gorputz erasale eta erasanak gara, zaurgarriak, agerian jarriak.

Gure gorputz postgizatiarra: ederra eta hilkorra. Polyxene Canditi, artista eta performe grekoak, interpretatu eta lekualdatu egiten dizkigu Dimitris Dimitriadis idazle eta dramaturgo garaikidearen hitz hauek: “Ez dut gogoratu beharrik, ni neure gorputza naiz. Gorputza, gorputza izan dadila, horrekin nahikoa da. Eta ez gorputzaren ikuspena, ezta interpretazioa, eta ez hierarkizazioa eta ez degradazio. Ez goian, ez behean, ez beste inon, dagoen toki horretan bakarrik. Izan baden hori bakarrik. Gorputz izan dadila. Gorputz”.