Sukarrak aluzinazioa dakar.
Ohe honetan bertan izan nuen orain dela urte batzuk ametsgaizto hura: polizia gure atzetik zebilen, eta ezin izan genuen ihes egin. Bilboko auzo horren parkean dagoen zubiaren sarreran harrapatu gintuzten, askatasunerako erreka gurutzatzeko zorian geundela. Odola zeriola, bere odola nire aurpegian. Ametsgaizto bat baino ez. Ur garbiaren bila genbiltza. Iturria.
Sukarraren efektua errealitatearen aurpegi latza argi erakutsi zidan orduan, argiegi. Aste honetan berriz ikusi dut bere argazkia prentsan, bere gorputz jipoituaren irudia epailaren batengana helduko da, helduko ote da? Berriro ere gogorarazi dit torturaren efektua noraino heltzen den, noraino sartzen den, euskal jendartean noraino dagoen sartua torturaren ondorio larria, pisu astuna, beldurgarria.
Ostiralean laneko bilera batetik atera eta zuzenean Egia jeneralaren kalera heldu nintzen, Euskaldunon Egunkariko Bilboko bulegoa zeuden kale hartara heldu nintzen nahigabean. Kale bazterretik begira geratu nintzen, pentsakor. Testu hau idazteko epea amaitzear zela pentsatzen, gaur bezala zer idatzi jakin gabe nengoen ostiralean. Noraino helduko da idazten dugunaren efektua? Ba ote du efekturik gure idazkera-adierazpenak? Zertarako balio du gertaeren testigantza emateko egiten dugun ahalegina? Frantziatik datoz orain adierazpen askatasunaren aldeko hitzak, keinuak, oihuak, manifestuak.
Hitz baten esanda, munduko gerra zikin guztiak pilatu dira batera telebistan, gure begien aurrean.
Gezurra eta egiaren arteko distantzia neurtzen jakin gabe gaude. Pentsakor eta beldur. Pentsakor eta itxaropentsu. Mundua ez dela gaur amaituko jakin badakigu, hala ere, nahiko genuke behingoz amaitzea. Egia eta gezurraren arteko distantzia arriskuz beterik dagoela, zubiaren punta batetik beste puntara heltzeko oztopoak, labirintoak, zuloak, tranpak daude. Eta bertigoa ematen dit niri gaur ohetik ateratzea. Ez naiz saiatuko eureka berriro ere gurutzatzen. Gaur ez. Ez nuke nahi punta batetik bestera heldu baino lehen nahigabean berriz erortzea. Ez dut nahi ohetik atera. Sukarra eta mina dut. Gaur ez naiz altxatuko.