Tragedia fantastikoa dut gustuko

Erabiltzailearen aurpegia Ainhoa Güemes 2015ko mar. 4a, 12:34

Arin aringa gertatzen dira gauzak, hamaika bizipen juntatzen dira leku berean, korrika goaz gertaeren atzetik, eta gustuko dut tragedia fantastikoaren bitartez begiztatzea datorrena eta jada izan dena. Intentsitatea dut gogoko, oso.

Zuri ala beltza, erditik tiraka ibiltzen naiz, temati, muturrera heldu bitartean. Nekaezina naiz baina pittin bat alferra, egonean egon, a ze plazera!, kontenplaziozko bizitza maite dut bihotzez. Gorputza sakrifikatzen dut bidai bakoitzean, apostu bakoitzeko emaitza ausaz eta ausardiaz eman dadila. Galdera baikorrak egiten dizkiot nire buruari, errealitate ezkorraren ondorio kaltegarriak ahaztu barik. 

Amodio handi bat abandonatu nuen bidean, zorabioa dakarren horietakoa, agur kuttuna, ez dakigunez non dagoen hoberena, bila dezagun beste lekuetan… atzean utzi nuen uztailaren amaieran, neke neke eginda nengoen, gabeziak jota, eta erabat aspertuta errepikapenaren absurdoaz. Abuztua ez zen izan uztaila baino argitsuagoa, arraro xamar izan zen pasa den udara, egia esan, lana topa beharraren ardura pisutsua nuen bizkarrean, eta tramite bat edo beste egin nuen lana Euskal Herritik ahalbait urrunen bilatzeko asmoarekin. Ekuador herrialdeak zabaldu zizkidan ateak baina, zorionez edo zoritxarrez, nork daki, Gasteizen amaitu nuen lanean irailaren hasieran. Bai, bilbotar bat Gasteizen, oso urrun ez naiz ailega ez.

Urkiolako portutik gora eta behera, paisaje aldakorrak utzitako aztarnak segika, goizero, sedukzio gorri, sakon berri baten zulaketa sentitzen hasia naiz. Ai ene gorputza, berriz ere bizitzera kondenatua! Sedukzioz jarraituko dut aurrera, plazerez sakrifikatuko naiz berriro ere, gogotsu eta maitekor, bizitzaren eskuetan abandonatuta, soseguz, beldur eta damu barik.