Tamara de Lempicka artistaren autoerretratua dut gogoan gidatzen noalarik, bere begirada zuzen, sakon bezain ahul eta erabat erabat erabat galdua, bere bizipen zaurgarrienak estaltzen dituen begirada eder eta zuhur hori.
Estasiatua begiratzen dizut, estasiatua sentitzen zaitut Anariren azken kanta entzuten: animalia ederra zeru gorri baten pean mundua gurutzatzen… loreak ileak bezalaxe bide ertzean haizeak eramanak. Urrunera eta inora. Laztanez eta beldurrez gorputzean idatzita daramagun guzti hori. Udaberri hau ez dadila izan desertzio desertua, ez dadila izan heriotza.
Orfidalak ez ditut sartu maletan, oraingoan ez, aldiz sexurako jolasak, cachivache amorosoak, larruzko fetitxeak lagungarriak izango zaizkigu aireportuaren hotza, polizien esku zikinak eta mugaren itoaldia gainditzeko berriro ere. Salbuespen egoerak eta minak atzean geratzen doaz aurrera goaz, inorantz, erabat galtuta zeu eta biok.
Denboraren orratza etenez kalera atera gara goiz argitsu honetan, galtzera galtzeko asmoz galduko naiz galduko zara hiri arrotzean zarata eta ahotsen artean, burua hustu eta sabela argitasunez elikatzera zoaz noa.
Ordua da begi bistatik kentzeko ardura, axolagabean ibili, inorantz. Bidaiaren hasiera da eta helbururik ez daukat ez bada argiaren zehatza eta berotasunaren sendagaia, laztanen koreografia arritmikoa, keinuen inmanentzia inposiblea, esku hutsik nire eskuetan ez baita kabitzen ezer ez bada zure arnasaren kuttuna.
Uneak eta aieruak asmatu beharko ditugu edo hobe beraiek gu asmatu egiten gaituzten, desirazko galerak unearen aberaztasunean lore gorriak antzaldatuz. Galera bera estasia bihurtzera goaz.