Bakeak, bakearen ideia, ezberdinak garen arteko errespetuaren ideiarekin zer ikusia du, giza-zaintzarekin eta bizitza duina zentroan jarri beharreko eskubidearekin baita. Gerra, aldiz, borondate nihilista batetik ezarritako egoera izan ohi da. Zentzu honetan, bizitza bera mespretxatzen duen borondatea izan ohi da, hain zuzen, guda antolatzen duena. Borondate honen bidez bizitzaren alde afirmatiboa eta bizitzarekiko dugun joera positiboa alde batera utzita, boterearen erabilera itsusia eginez, talde edota estatu baten indarra eta nahia inposatu egiten da. Nork ukatuko du gerra bat bizi izan dugula Euskal Herrian? Eta gerra hori, amaitutzat eman dezakegu gaur egun? Azken boladan, hitzak eta kontzeptuak bilatzen ari gara bizi izandako guztia ahal bezain fin azaltzeko asmoarekin, baina ez gara ados jartzen hitzekin eta kontzeptuekin, batzuk eta besteak ez dugulako jasan izan errealitate bera? Ez neurri eta intentsitate berean bederen… Normalizazioa eta bakegintza badira ere adostasuna aurkitzen lortzea kontzeptuen eremu honetan, hala ere, abstrakzioak, sentimenduak, ikusmirak, hain ezberdinak dira batzuen eta besteen artean…
Orain dela hiru urte eskas, tokatu zitzaidan ponentzia bat ematea gai potolo honen inguruan: ‘Gerra eta bakea feminismotik birdefinitzen’ izena zuen proposamena luzatu zidaten une gatazkatsu eta zail batean. Terrorismoa goraipatu izanaren salaketa jasotzea erraza zenez/denez, filosofiaren laguntzaz aurrera egin nion hitzaldiari, eta zeren alde eta nortzuen alde eta zergatik eta zeintzuk izan diren arrazoiak zeintzuk helburuak mintzatu nintzen kritika feministaren hariari ondo lotuta. Feminista abertzaleok zergatik defendatu dugun borroka armatua azaltzen saiatu nintzen, hain zuzen, nortzuen kontra borrokatu nortzuen alde… egia konplikatzen ari den sistema baita, ez du existitzen, ezin da harrapatu, hazten eta hazten ari delako etengabe eta gure pentsamendua korapilatu egiten du… gure/nire egia kontatu nuen, abjekziotik, disidentziatik. Gorputza guda zelaian testigantza zuzena eta indartsua da. Bakea eta gudaren aurrean albokoari galdetu behar diogu: Nor zara zu?
Aretoan zegoen andra bat hurbildu zen niregana hitzaldia bukatzean, esanez hunkituta zegoela, nire hitzak entzun eta gero guri (feminista abertzaleoi) hobeto ulertzen zigula sentitzen zuelako… eta emozioz eskaera bat egin zidan, mesedez, beraietaz, beste aldeko beste ideologia duten feminista abertzaleetaz gogoratzea hurrengoan, zeren haiek ere badira feministak eta badira abertzaleak. Baina, zeren bila ari gara batzuk zeren bila besteak? Errealitate bera bizitzen ari gara? Zein da zure/nire nahia? Zein da benetan? Eta historia haratago, baketa eta guda haratago… gure borondatea indartu eta afirmatzen duen hori eraiki dezakegu elkarrekin?