Hau da, ez dago literatur objektu pururik, interpretazioa objektuaren baitan agertzen delako beti, nahi ta nahiez. Žižekek dio posestrukturalisten prozedura ez dela bakarrik testu literarioetan, hauen funtsionamenduaz, argiren bat edo beste pizten duen proposamena bilatzea, horretaz gain, literatura izango balitz bezala irakurtzen dituzte testu teorikoak. Irakurketa posestrukturalistaren bidez Egia zalantzan jartzen da, eratzen ditugun egien hutsegite zein faltsukeri guztiak agerian jarriz.
Žižekek kontrajarriak ikusten ditu, alde batetik, formulazio teoriko hertsia, zehatza, objektiboa esango genuke? Eta bestetik, olerkigintza fofoa deritzona, hau da, bere ustez, biguna, ponpoxa neurriz gaineko inkluso guztiz subjektiboa den idazkera eta pentsatzeko era. Sinboloen teoriaren (de)konstrukzioa, mundua eta hizkuntzaren artean ematen den harreman kontzeptuala eta fisikoa, organikoa, intimoa, afektiboa, soziala… sormenaren produktuen fabrika itzelan gertatzen den espektakuloan… gure borondatearen adierazpen anitzak hitzen artikulazioaren bidez ikustarazteko tresnak, mekanismoak eta taktika mentalak baino ez dira diskurtso estetiko bat edo beste aukeratzen dugun bakoitzean agerian jartzen ditugunak. Ez nuke esango estilo bat bestea baino objektiboagoa denik, inondik inora.
Testu teoriko hertsiaren erabilera defendatzen badugu gure bizipenen zentrora hurbiltzeko asmoarekin, ziur gaude hurbilago egongo garela zentro edo nukleo esperimental horretatik? Artearen aktuazio planoak ez gaitu kokatzen akaso ezagutzaren muinean? Itzulipurdi, apaindura, fofismo erradikala, poesiaren amarru guzti horiek ez dira batere sinpleak. Aldiz, konplexua denaren rumia dute nahiago purutasun diskurtsibotik urruntzen diren pentsalariak, jirabira batzuen ondoren, eta praktika arriskutsu horren ondorioz, pentsamenduaren eta egia (in)posiblearen zurrunbilo kaotikoan orden pixka bat ezartzen lortzea da, azken finean, teoriko, komunikatzaile, sortzaile guztien helburua. Estilo ezberdinen efektu kontrajarriak dakar egiaren izpia. Egia, posestrukturalistek esango luketen bezalaxe, istorio nahasi eta korapilatsu bat da.
Argazkia: lamula.pe