Izan ere, botereek eta kontrol nahiak bertikalitatea dute gustuko gehienbat; antza, horizontalitatean eta besteen hurbiltasunean ez baitira ez gustora ez eroso sentitzen. Zenbat eta altuago boteretsuago. Badaude, ordea, euren bertikalitearen aurrean babesa sentitzen dudan egoera naturalak; mendi artean, eta basoetan, zuhaitz eta arbola artean, alegia. Izan ere, zuhaitzek, lurzoruan egokiro errotuta, sustraietatik etengabe hartzen dituzte gatz mineralak eta ura. Aldi berean, eguzki-energia lagun, fotosintesiaren bidez, materia organikoa ekoiztu, eta atmosferara oxigenoa igortzen dute, ekosistema osoaren onerako. Hori gutxi ez balitz, soberan dagoen eta gehiegi ekoizten dugun CO2a ere xurgatzen dute. Era berean, arbolen babesean bioaniztasunak aterpe eta babesa du.
Gure mundu zibilizatuan, aldiz, dorre falokratiko hiperbertikalak garapen eta botere ekonomikoaren ikur haundikiak bilakatu zaizkigu, eta, Bilbon ere, gero eta ugariago ditugu dorre bertikal altuak, desarrollismoaren ikur ozenak. Dena den, dorre hauek zein motatako eta zenbat energia kontsumitzen dute? Fosila, nuklearra ala berriztagarria? Hiri ekosistemari zein energia-gastua suposatzen die? Euren mantenuak zein nolako energia-gastua eta kutsadura suposatzen du energia-iturriak lortutako lurraldetan? Kutsadura murriztu ala areagotzen dute, hemen eta urrunean?
Dorreak dorre, berriki, denen gainetik gailentzen den dorre dirdiratsu bat dugu: Abando ibarrean, Tolkienek idatzitako Eranztunen Jauna eleberriaren Mordorreko dorre oro-kontrolatzailea; Deustuko Erriberatik, Arangoititik, Etxebarria parketik, Artxandatik, Indautxutik, Pagasarritik… edonondik begiztatzen eta gainbegiratzen gaituena. Ekonomia neoliberalaren ikur gorena.
Non ditu dorreak, ordea, bere sustraiak? Nondik lortzen ditu bere elikagaiak eta baliabide naturalak, hemen ala urrutiko beste lurraldetan? Arbolak bezala oxigenoa ekoiztu eta CO2a xurgatzen du, ala alderantziz dihardu? Bere jarduerarako behar dituen elikagaiak eta baliabideak lortzeko, zein nolako eragina du hemengo eta urruneko ekosistema eta populazioarengan? Arbolek eta zuhaitzek egiten duten bezalaxe, babestu eta zaintzen ditu lurraldeak, bioaniztasuna eta populazioak ala hain juxtu kontrakoa?
Hemen mozkin eta etekin ekonomikoak, eta han, urrun, nonbaiten… zer??? Zein nolako marka, arrastoa, aztarna ekologikoa uzten du hemen eta hemendik urrun?
Nik, erabat nahiago, Cameronen Avatar filmearen arbola erraldoi, magikoa, eta izaki bizidun ororentzat babesle dena, Tolkienen Eranztunen Jauna-ren Mordorreko dorre idor-dirdiratsuaa baino.