Erribera, Erribera… landen zabalera

Erabiltzailearen aurpegia Ainhoa Unzalu Etxabe 2015ko mar. 4a, 12:30
Argazkia: www.blogari.net

Azken boladan gustukoen izan ditudan filmak Loreak eta Leviathan izan dira.

Lehena harreman pertsonaletan ehundutako sare konplexua, eta bigarrena, Errusiako iparraldean, espekulazio urbanistikoarekin batera saski korapilatsuan politika, erlijio-ustelkeria, zikoizkeria, botere-haundikeria, administrazioaren amarruak; bortizkeriaren erabilera krudela jende xehearengan. Aitzitik, jende xumearen lurrarekiko atxikimendua eta maitasuna. Filmako Davidek ez du Goliathen aurka ezer egiterik, eta erabateko galtzailearen zulo beltzean eroriarazten dute, inolako gupidarik gabe.

Lurrarekiko kontuak ez dira txantxa mundu zabalean, bestela galde diezaiegun Txileko maputxeei, Botswananko boskimanoei, Kongoko pigmeoei, Guatemalako isileei, Birmaniako karenei, Australiako aborigenei, AEBetako siouxei, Amazoniako yanomaniei, Paraguaiko guaraniei, Indiako jarawakei, Niger deltako ogoniei… zerrenda luzea baino luzeagoa baita.

Ama-lurrarekiko atxikimendua, zaintza eta maitasunak, oraingoz ez dute aitortza handirik tamalez, eta, sarri, munduan zehar milioka pertsoneentzat bizirauteko etengabeko borroka gogorra baino ez da; derrigorrezko desjabetze, hilketa, desplazamendu, kartzela zigorrak eta ama-lurraren pozoitzea. Aldiz, zenbait hiri erraldoi edota metropolitan, hainbat jende hasi da ikuspegiz aldatzen, eta bioaniztasunari, ekologiari eta etorkizun ekologikoago bati begira.

Izan ere, hiri erresidenteak bilakatzeko bidean ari dira hainbat hiri, Paris, Berlin… bioaniztasunak duen garratziak ohartzen hasiak dira, eta hori bermatzeko ezinbestekoak diren honako hauek berreskuratzen: korredore ekologikoak, basoak, hezeguneak, eraikuntzetan nekazaritzaterrazak, jardin bertikalak, hiri-baratzak… porlanaren inperioari etengabe koxka egiten. Jada, hainbat ikerlari ohartzen hasi baita hirietako bizitza kalitatearen ikuspegi holistikoaren beharraz, eta bertan bai ekologiak bai bioaniztasunak ezinbestekoak zaizkigu. Beraz, patriarkalismoaren ikuspegi androzentriko zaharkitua albo batera utzi, natura etsai eta menperatzeko dagoena, eta naturarekin bizimodu armoniatsuan bizitzea dugu erronka nagusietariko bat.

Guzti horretarako, Deustuko Erribera eta Zorrotzaurreko lurrak parke handia bilakatzeko (Hyde Park, Central Park, Boulogneko basoa) ezin aproposagoa lirateke, aurreikusitako egitasmo ‘Manhatan-bilbainoa’ baino. Bertan, ibaiertzetako baso anitzak, baratzez tartekaturikoa, itsasadarrararen bioaniztasunari bultzakada galanta emango lioke, baita deustuar eta Bilbo metropolitarreko hiritar guztiei aisialdirako leku bikaina ere. Ibaiarekin harreman estuago, naturalagoa, eta gozagarriago, ez korrika edota kirola egiteko pasabide soila (Abando ibarra). Ezin baitugu ahaztu, Bilboko gerriko berdea aldapaz beterikoa dela,
eta adinekoek, gaixoek, aldapa gustuko ez dutenek ez al dute parke handi batean gozatzeko eskubiderik? Zergatik Zorrotzaurreko egitasmo erraldoi horri buruz hiritarrei ez digute ezertxo ere galdetu, horrenbeste diru publiko erabiliko denean? Herriaren agintariek jakin beharko lukete, gutxienez, herriak zer nahi duen, eta denon artean erabaki; hori baita demokrazia.

Epe luzera begiratzea ezinbestekoa dugu.