Hizkuntza gutxituko emakume eledun ez zuriak, paperik gabekoak, pobreak, ijitoak, mestizoak... jai dauka!

Erabiltzailearen aurpegia Ainhoa Unzalu Etxabe 2015ko api. 8a, 10:33
Argazkia: igobolumena.wordpress.com

Askorentzat, ni barne, martxoak bi data esaguratsu ditu: bata martxoaren 8a, Emakumeen Nazioarteko Eguna, eta bestea, martxoaren 21a, Xenofobia eta Arrazakeriaren aurkako Eguna. Oraindik ere, bi egun hauek ospatu eta errebindikatzeak badu gaurkotasunik, zoritxarrez.

Mundu mailan hainbat herrialdetan feminizidioak, emakumeenganako jarduera genozida sistematiko inpuneak dirau, hala nola, Mexikon, Guatemalan, Erdialdeko Amerikan… Europan ‘sorginen ehiza’ izan zena inkisizio garaian –erasoak, bortxak eta hilketak–, Indian, AEBetan –bortxak, eraso sexualak ohiko guda– praktika gisa, Kongon, Balkanetako gudan, Estatu Islamikoaren aldetik… etengabeko eskubide urraketak Pakistanen, Afganistanen, Saudi Arabian… zer esanik ez enpleguan, etxe barneko lan kontuetan eta ugaltze-lanetan (Silvia Federacci) ematen diren desjabetze eta ustiatzeak. Gustuko dudan Marcela Lagarde antropologo mexikarrak dioenez, “mendebaldean patriarkalismo androzentrikoak emakumeak gatibu gaitu genero estereotipoko hainbat modutan” (ama-emazte, monja, puta, preso eta zoro). Izan ere, Harena mendebaldean egon badago, Fatima Mernissik soziologa marrokiarrak dioskunez.

Bestalde, munduko biztanleri zuri, heteronormatibo, eta ekonomikoki boteretsua, gainontzeko guztien gaineko elite menperatzailea bilakatu da mendeetan, xenofobiaren eta arrazakeriaren etekin ekonomiko erraldoiak profitatuz. Izan ere, kapitalismoaren bertsio garaikideena, neoliberalismoak, patriarkalismoan oinarriturik, merkatuaren legea du xede nagusi, eta baliabide naturalez gain, izaki bizidun oro, pertsonak barne, merkatuaren mendekotasun ankerrean eta zikoitzean murgilarazten ditu. Gauzak honela, xenofobiaren jazarpena emakumea izanik areagotzen da, eta edozein herrialdeko emakume indigenak (Guatemalan, Errusian, Brasilen, Australian...), migratzaileak lehen munduan (Euskal Herria barne), afroamerikarrak (Barbara Omalade eta Patricia Hill Collins feminista afroamerikarrek ikertuta), beltzak Europan (Jayne Ifekwunigwek aztertuta), hizkuntza gutxituko emakume eledun ez zuriak, paperik gabekoak, pobreak, ijitoak, mestizoak... jai dauka!!! Zapalkuntza bikoitza, hirukoitza edota laukoitza eraman behar eguneroko motxilan. Emakumea izatea oraindik ere korrontearen aurka ibiltzea bada, aipatutako emakumeek botere hegemoniko zuriaren, eta diskurtso eta praktikaren arteko hipokrita askoren harropuzkeri eta jazarpenak etengabe jasan behar dituzte.

Silvia Federaccik italiar eta Yudersky Espinosak dominikar errepublikar pentsalari feministek dioten bezala, “globalizazioa eta neoliberalismoaren garai latz hauetan feminismo ez eurozentrikoa, ez mendebaldekoa, deskoloniala, ez klasista, ez burgesa eta ez arrazista da gustuko dudan feminismoa, botere hegemomiko inperialista-ekonomiko zuriaren sustraiak errotik moztuko dituena”. Hegoaldeko eta  feminismo ez zuriari bere ahotsa eta tokia emanez, mendebaldekoaren parekide eta ez mendeko. Feminismo hegemoniko zuririk ez.

Sojourner Truth, XIX. mendean, 40 urtetan AEBetako kotoi soroetan esklabu izandako emakume afroamerikar feministak, askatasunean beste 40 urte bizitzea lortu zuen bezalaxe, munduko emakume anitzek aske bizitzearen helburua gurekin dezagun, tokian-toki eta herrialde asketan.