Mundu zabaleko ikasle eleanitzak

Erabiltzailearen aurpegia Ainhoa Unzalu Etxabe 2015ko eka. 3a, 10:40
Argazkia: landakoleia.blogspot.com

Ikastetxeetan kurtsoa laster bukatzear dugu. Ikasle zein irakasleak kurtso osoko ibilbide luzearen nekea igartzeaz gain, kurtso osoko maratoiaren azkeneko txanpan murgilduta gaude erabat.

Gizartearen isla baino ez diren mikrokosmo txiki hauetan, ikastetxeetan alegia, nabarmenak dira gure helduen gizarteko aldaketa eta eraldaketak guztiak. Krisi ekonomikoaren masailekoaren eragina begi bistakoa da; murrizketak nonahi, eta baita Hezkuntzan ere. Ildo beretik, maila sozioekonomiko baxuko ikasle askori krisiak euren oreka emozionala eta psikologikoan kalte handia egiten die, hain baita gogorra nerabe batzuen testuingurua eta bizimodua. Bestalde, gizartearen aniztasuna ere garbi islatzen da ikastetxeetan, hau da, jatorri desberdineko ikasle euskaldunak, eta hauekin batera duela urte batzutik hona agertzen ari zaigun fenomenoa: ikasle euskaldun eleanitzak; euskara, gaztelania, ingelesa edota frantzesaz gain beste hizkuntzaren bat dakitenak; guaraniera (Paraguay), lingalera (Kongo), Fantiera (Ghana), wolofera (Senegal), arabiera, amazighera (Maroko, Argelia…), galegera, errumaniera, quechuera (Peru), caloera (ijitoak)…

Hizkuntzetan ere hierarkiak daudelarik, hizkuntza batzuen garrantzia lehenesten da botere ekonomikoen mesedetan, eta eleaniztasun batzuk oharkabe eta baloratu gabe daude isilpean. Sarritan, ikasle hauek gurasoen jatorrizko hizkuntzetan harrotasunez baino lotsaz mintzo dira, jatorrizko hizkuntzan autoestimu baxua baitute (euskararekin urtetan fenomeno berbera gertatu/tzen da). Are gehiago, Bolekia Boleká ginearrak Hizkuntzak eta boterea liburuan Afrikako hizkuntzen egoera neokoloniala aztertzean erakutsi bezala, euren jatorrizko herrialdetan sarritan bertako hizkuntzak ez dira ofizialak; ofizialtasuna hizkuntza kolonialen mesedetan baitago, besteak beste, gaztelera, frantzesa, ingelesa, portugesa, arabiera…
Ildo beretik, ikasle eleanitz hauen giza-aberastasunaz ez dakit oso konsziente garen, eta behar adina baloratzen dugun, baina kontuan har dezagun eurek direla beste kontinentetako berezko hizkuntzetan eledunak diren lehen belaunaldi euskalduna. Izan ere, Galeanok zioen elkartasuna dela herrien samurtasuna, bada… auskalo ikasle eleanitz hauek ez ote diren izango herrien arteko elkartasun sare-ehuntzaileak, bitartekariak eta zubi-egileak. Noiznahi eta nonhai ezinbestekoak direnak, ustezko etsaiez inguraturiko gure mundu garatu paranoikoan.

Niretzat, behintzat, aniztasuna eta aberastasuna itsasontzi bereko bidaikide osagarriak diren heinean, bizitzaren esparru guztietan, hala nola, bioaniztasunean, kultura-aniztasunean, maitasunean, sexu-identitatean, artean, musikan, dantzan, pinturan, literaturan... ikasle eleanitz hauek gure begirada mundu zabalera abiarazten digute, nolanahi ere, herrien arteko sarean murgilaraziz eta, zalantzarik gabe, amesten dudan pertsona askeko Euskal Herri askea aberastuz.