Kurtsoak batzutan erresistentzia handiko banakako maratoia badirudi ere, ikasgelak, hainbatetan, traineru baten antzera dabiltza, hau da, ikasgela osoa batera arraunean kementsu dabilenean olatu guztien gainetik egiten du. Beste batzutan, ordea, dantza koreografia ere antzeman daiteke klasean, norbanakoak bere izaera pertsonalarekin talde osoko koreografia aberasten duenean, edota klasea musikariz osaturiko orkestra bat izan daitekeenean: klasikoa, barne-egitura antolatukoa, zein rockeroa, punkia, izaera gartsu eta borrokalarikoa, jazz estilokoa, bat-batekotasunaren jarioan dabiltzan horietakoa, batukadaren antzekoa, erritmo biziaz dabilena, edota albokari eta pandero jole alaien taldea.
Bestalde, musika partitura desberdinak ere entzun daitezke kurtso osoan, batzutan oso armonikoak, klase-dinamika modu erraz eta naturalean ahalegin handirik gabe uztartzen denean, edota erabat disarmoniko eta arritmikoak, musikariek edota abesbatzako abeslariek elkarri entzun gabe ari diren horietarikoak. Ezin ahaztu, inondik inora, antzerkia, egunero antzezlan desberdina osatzen baitugu klase barruan gauden guztiok, bai irakasle zein ikasle.
Antzezlanetan tira-birak, gatazkak, berradiskidetzeak, liskarrak, emozioak, laguntasunak, muturtzeak, jeloskortasunak, barreak... denetarikoak daude… baina Marx anaien komedia filmetan bezala, umore zipriztinek arindu eta leundu dezakete eguneroko antzezlana, greziarren tragedietako samina saihestuz.
Klaseko testuinguru horretan, irakasleon eginkizuna eta zeregina anitza da: batzutan lemazainarena, orkestra, abesbatza edota zuzendari eszenikoarena, jakin-minaren suspertzailearena, gidariarena, motibatzailearena, gatazka bideratzailearena… edozein kasutan konplexua eta sortzailea, ezagutzak irakasteaz gain pertsonekin lan egiten baitugu, eta etorkizuneko helduak hezten ari baikara. Ildo honetan, gizarteko errealitate konplexu horri erabat muzin egiten dio LOMCE legeak, hots, ekoizpen, errendimendu, etekin, emaitza kuantitatiboak eta norbanakakoen lasterketa bakartia soilik kontuan hartzen baitu, paradigma ekonomiko neoliberalaren babesean. Guzti horregatik eta hezkuntza-eredu atzerakoi, elitista, dogmatiko, ortodoxo eta anakronikoaren isla besterik ez delako, LOMCE utikan!