Eskailerak

Erabiltzailearen aurpegia Aitor Argote 2014ko mar. 26a, 10:58

Etxebarriako pistari, agur.

Aspaldi atera nuen argazki hori. Gaztediko neskak, elkarri zapia janzten pistan egingo zuten emanaldia baino lehen. Eskailera horietan ere, ertzain pilotakada bat  pasa zitzaidan buruaren gainetik pertsiana baten kontra jotzeko. Bertan, edo aldirietan, behinola, auzoko jonkiak aritzen ziren, inork molestatu barik ,"erlaxatzen". Orain dela ez asko bere, entrenamenduko umeek kontzentrazioa galdu zuten larrutan zebilen bikote bati begira .Eskubaloia, futbola, abesbatzak kantari eta beste hamaika ekitaldi, bertatik bertara. Eskailera horietatik, halaber, joaten zen ama arratsaladero kartetan udaltegira, Lander eta biok agurtu ondoren pistan.

Baina horiek guztien gainetik, hockeyak izan du aterpe pista horretan eta eskailera ondoko aldageletan.

Alabaina, Rutger Hauer replikanteak zioen bezala Blade Runner pelikulan, "Une horiek guztiak, galdu egingo dira, malkoak euripean lez", aste honetan, plaza bati paso emateko.

Bizitzak aurrera darrai. Santutxu Hockey Taldeak Txurdinagako kiroldegian entrenatu eta jokatuko du, apiriletik aurrera. Hauxe da despedidea, martxoaren 29an egingo duguna, goizeko 10:00etatik aurrera. Etor zaitezte, agur egiteko pistari zaharrari eta ongi etorria emateko berriari. Den-dena, jai giroan.
Gonbitea luzatuta.