“Luke, zure aita naiz”

Erabiltzailearen aurpegia Aitor Argote 2015ko urt. 14a, 11:50

2015eko urtarrilaren 1ean, indarrean jarriko da Espainiako estatuan jabetza intelektualaren legearen erreforma berria. Horrek Raxoiren gobernuari baimena emango dio zigortzeko, legea betetzen ez duten edukien bilaketa errazten duten webak, 600.000 eurorainoko isunekin.

Euskaldunon kasuan, etxeko erabileraren jaitsiera bolo-bolo ibili den garai hauetan, sareko arnasgune bat azpimarratu nahiko nuke, ikus-entzunezko ozeano erdaldunean, niri behintzat, semeak euskarazkoetara lerratzeko laguntza handia eman didana. Euskal Encondings web orriaz ari naiz; 2007tik eduki euskaldunak, denon eskura eta doan, jarri dituzten “friki” koadrilla. EITBk edota Eusko Jaurlaritzak egin behar zutena, Taichisanek, Ajubitak edota Zumarrak, besteak beste, egin dute auzolanean.

Ikastolako ume guztiek Codigo Lyoko gaztelaniaz Clanen ikusten zutenean, nireek kantaren bidez (kaletik euskaraz abesten joaten ziren eta) erakutsi zieten bazegoela gure hizkuntzan ikusteko aukera. Adin tarte guztiontzako, gainera: Star Wars, Rekkit untzia, Lasterketa zoroak, Fringe eta abar. (A ze barrea nagusiok, Darth Vader ikustean esaten “Luke, zure aita naiz”).

Aurten Bilbo euskararen hiriburua izango den honetan (Ibilaldia, Korrikaren amaiera), omenduen artean hauek ez dira egongo, ez, baina merezi...

Urtarriletik aurrera zaila izango dute bere lanarekin jarraitzea. Beraz, badakizue, lotu, elkarbanatu eta lagundu. Merezi dute eta.


www.euskal-encodings.com