Igogailua eta independentzia

Erabiltzailearen aurpegia Aitor Argote 2017ko urr. 2a, 09:01

Argazkia: mundotorpe

Etxekoon izenean idazten dut artikulu hau. Igogailurik ez duen eraikinean bizi gara. Laugarren solairuan, hain zuzen. Duela 10 urte, inguruko etxe gehienetan ere ez zuten, eta etxebizitzen egoeragatik, edo, zaila eman zuen igogailurik egitea.

Hala eta guztiz ere, aitzindariak izan ginen auzokideen erkidegoan lan horretan. Proiekturik egokiena bilatu, aurrekonturik merkeenetariko lortu, eta beheko auzokideen kontrako iritzia gorabehera, gehiengo nahikoa lortu genuen igogailua eraikitzeko bertan.

Bozka egunean, baina, azken solairuko kontrako botoaren ondorioz, bertan behera gelditu zen asmoa. Etsipena zabaldu zen bultzatzaileak ginen auzokideon artean.

10 urte hauetan, inguruko etxebizitza gehienetan igogailua jarri dute, kasu askotan zaila ematen zuen arren (etxeko egitura dela, auzokideen izaera, diru-sarrerak direla...). Gure auzo malkartsua, gainera, eskailera mekanikoz josi du Udalak.

Independentziarekin antzeko sentimendua dugu etxekook. Orain dela urte batzuk, euskal herritarrok soilik lortu ahal genuelako sentsazioa zabal du zen. Oldarkorrenak ei ginen, baita helburu bera zuen erakunde armatua ere. Baina, kale. Epelagoak zirudienak, bestetik, katalanak, hor daude guri orpoa erakusten.

Kataluniak prozesu geldiezina abiatu duen egun honetan, ea gurea martxan jartzen dugun behingoz, eta hortik xaxatuta, igogailua eta independentzia eskuratzen ditugun gurean azkenik.

 

Argazkia: mundotorpe