Lanean bi hilabetetik behin gazte berri bat etortzen zaigu eta aspaldion neskak eta, zorionez, euskaldunak izaten dira. Badirudi, etorkizun hurbilean, mediku zein erizain emakumezko eta euskaldunen esku egongo dela osasungintza.
Honela ezagutu dut MOBYDICK izeneko artista, eta aitortu behar dut protagonista bertako mutil bat izan arren (Algortakoa), ez nuela beraren berri.
‘Cotard Delusion’ da diskoaren titulua, eta duela urte bete argitaratu zen, lagunen laguntzari esker, hau da, lagun zein proiektuan interesa izan dutenen diru-laguntzarekin ordaindu da grabaketa eta ohiko banaketa-sistematik kanpo zabaldu da. Ez da oso erraza izan CD bat lortzea.
MobyDick, Eneko Burzako da, eta aspalditik dabil musika kontuetan; 2011n ‘Covers‘ berak ekoitzitako lana argitaratu zuen bertsioez osatuta.
‘Cotard Delusion’ lanean 9 abesti daude, eta folk-rock iluna da estilo nagusia; ahotsa eta gitarra akustikoa dira protagonista abesti gehienetan, baina talde-lana ere indartsua da oso A Tale of Death, Liar edota Cortard Delusion I abestietan, adibidez.
Bere ahots grabe eta goxoarekin, oso entzungarri eta atsegina suertatzen da musika hau.
Ingelesez abesten duenez, aukera dugu belarria apur bat egiteko... nire lankide gazte guztiak arlo horretan ere indartsu datoz, bikain menderatzen baitute english-a.
Gogoa piztu zait zuzenean ikusi eta entzuteko, Youtuben ikusitakoak benetan interesgarri dirudi, eta inprobisaziorako joera omen dauka emanaldietan, bereziak eta aldi berean bitxiak bihurtuz kontzertu guztiak.
Ea Deustu aldean jotzeko aukera duen!