Martxoak 4- Arratsaldeko lan-txanda.
Bihar ginekologoarengana joateko ordua. Laneko gainbegiraleari esan diot agian berandu helduko naizela lanera, lasai egoteko. Ez nekien anbulatorioan zelako egoera topatuko nuen, eta egia esateko inoiz baino hobeto.
Lanean ez nabil batere pozik, aspalditik ari gara beste erizain bat eskatzen, azken bi urtetan % 57 gaixo gehiago artatu ditugu… Zuzendaritzatik jaso dugun proposamena etsigarria iruditu zaigu: lanaldi-erdian erizain bat goizero jartzea. Gure lankide medikuen egoera are larriagoa da, guardiak egin behar dituzte, oporretan ez dituzte ordezkatzen, eta egun askotan langile gutxiago daude…
Koronabirusaren inguruko guztia Gurutzetako ospitaletik ari dira gidatzen, ez dakigu zer gertatuko den.
Martxoak 5 -Arratsaldeko lan-txanda.
Lanera heldu eta egoera berria: arduradun biak (zerbitzuburua eta gainbegiralea) eta mediku bat Gurutzetako lankideekin joan dira Koronabirusaren testak nola egiten diren ikastera. Eguerdiko 13:30ean abiatu omen dira, eta berandu heldu dira. Nik ez ditut ikusi, odol transfusio bat egitera joan naiz-eta.
Martxoak 6 -Arratsaldeko lan-txanda.
Antza, gaur hasi dira testak egiten. Gurutzetara joan dira material bila, bertako lan-osasuneko teknikariek azaldu die nola jarri “EPI” delakoa, baina, zertarako? Arratsaldean praktikatzeko? Bai zera! Oraintxe bertan testak egiteko!
Gaur, bai, ikusi ditut. Gainera, material guztia gure gelan utzi dute; eta botatzeko den guztia (zaborra) edukiontzi batean sartuta utzi dute ate ondoan. Ez zait egokia iruditu eta guardiako gainbegiraleari jakinarazi diot, horrela bertatik behar den tokira modu egokian eramateko eskatu diot. Harrituta zegoen, ez zekien ezer. Gure zerbitzuak testak egiteko ardura izango du aurrerantzean .
Arduraduna, mediku bat eta erizain bat dagoeneko aritu dira; astebururako ze plan? Zain daude, telefonoari lotuta. Azkenean, Gurutzetakoak arduratuko dira testak egiteaz.
Martxoak 7 -Arratsaldeko lan-txanda.
Zerbitzua hankaz gora dago, material guztia dugu gelako mahaian. “COVID taldea” atsedena hartzen ari da; gu betiko martxan.
Martxoak 8 -Arratsaldeko lan-txanda.
Betiko moduan lanean, antza erizain gehiago kontratatuko dituzte testak egiteko.
Martxoak 9 - Goizeko txanda - Gernikan
Arduradunei telefonoz esan diet ez zaidala egokia iruditzen material guztia gelako mahaietan izatea. Zorionez, beste leku batean jarri dute. Kontratatutako hiru erizainak hasi berri dira, eta egin ahala ikasten ari dira. Eskerrak gure zerbitzuko medikuek eta erizainek pazientzia handia duten eta sekulako profesionalak diren!
Gure zerbitzuko gela nahiko txikia izanik, leku falta nabaria da, oso elkarrengandik oso hurbil egon behar; baina medikuena oraindik ere txikiago denez, ba esatekorik ez.
Martxoak 10- Goizeko txanda- Gernikan
Antza COVID taldea topera dabil, goizeko 09:00etatik arratsaldeko 17:00etara; nahiz eta beti berandu ateratzen diren, izan ere, geroz eta test gehiago egin behar dituzte. Eskerrak dagoeneko Galdakaoko laborategietan egiten diren. Gu betiko moduan lanean.
Martxoak 11- Goizeko txanda- Gernikan
COVID taldekoak gainezka daude. Koordinazio falta nabaria da, ez die inork beraien lana eta materiala antolatzen; testak egin eta egin…. Nire gainbegiraleari esan diot beharrezkoa dena egiteko prest nagoela, libre ditudan egunetan ere lan egiteko prest nagoela.
Egoera gero eta larriagoa da, datuak kezkagarriak dira benetan. Galdakaon hil da lehenengo gaixoa, koronabirusak jota.
Martxoak 12- Goizeko txanda- Gernikan
Betiko moduan lanean, gure etxeko gaixoak ikusten. Badirudi COVID taldea indartuko dutela, mediku eta erizain gehiagorekin.
Martxoak 13 - Goizeko txanda- Gernikan
Gaur esan dute eskola guztiak itxiko dituztela. Nire gainbegiraleak goizeko 10:00etan esan dit igandean lanera joateko, jende behar dutela.
Eguerdiko 14:30ean, berriz, ezetz, etxean gelditzeko. Betiko moduan ari gara lanean. Maskarilak behar ditugun galdetu dugu eta ezetz erantzun digute. Etxera iritsi bezain pronto, arratsaldeko txandan dauden lankideek lanera joateko eskatu didate, itzelezko beharra dagoela. Zuzendaritzatik abisua jasotzeko zain geratzen naiz.
Martxoak14- etxean libre
Larunbatekoa kaotikoa izan omen da, nahiz eta lankideek lanera joateko eskatu, arduradunen berririk ez.
Martxoak 15- goizeko txanda-
Nahiko txarto egin dut lo, teorian COVID taldea laguntzera noa, eta nahiz eta emailez bidali diguten bideoa ikusi dudan, hanka sartzeko beldur naiz.
Beti bezala, lankideen jarrera itzela da. Egun hauetan testak egiten ibili denak lagunduko die eta ni betiko lana egitera joango naiz; Basaurin egingo ditut abisuak! “Kontuz ibili, Basaurin “fokoa” dago-eta” esan didate COVIDeko lankideek.
Lehenengo etxera joan, gaixoa ondo dagoela egiaztatu eta antibiotikoa jarri diot. Bere alabak esan dit sukar apur bat duela eta eztula! Kontrolatzeko tenperatura eta hartu beharreko neurri guztiak zorrotz betetzeko esan diot….ai ama!
Bigarren gaixoarengana noa; ez du erantzuten, pultsurik gabe dago. Guardiako medikuari abisatu, EKG egin eta heriotza ziurtatu dut. Atzo izan zen bere urtebetetzea, 88 urte…
Lankide medikuak esan dit beste gaixo bat ikusi behar duela, antza sukarrarekin hasi da; joan den erizainaren arabera Covid+ izan daiteke; bere semeak positibo eman berri du.
Beste abisuak egiten jarraitu dut, zorionez, denak ondo. Ospitalean gure “txiringo txikian” denok kezkatuta; Covid taldea joan da gaixoari testa egitera. Ezin dira test gehiago egin, amaitu dira erreaktiboak.
Martxoak 16- Goizeko txanda Gernikan-
Nire arduradunekin hitz egin dut, dudan kezka adieraziz: jende larregi gaude leku berean, antolakuntza falta, eta babes gabe gaude lanean. Kutsatuta joan diren asko formazio gabe ibili dira lanean eta hori ezin dela gertatu adierazi diot arduradunari. Lan-Osasuneko taldeari kezka berbera helarazi diot. Erantzuna ezezkoa izan da, ez dugula babesik behar, ezta maskarillarik ere.
Gure gaixoak positibo eman du!
Gainera, gaixoa artatu duten mediku eta erizaina, etxera; testaren zain.
Eskerrak arduradunari zein lan osasun taldeari kasurik egin ez diegun eta maskararekin aritu garen lanean asteburuan!
Lankide mediku bat ibili COVID talde kokatzeko bi gela antolatzen. 30 minutu behar izan ditu…ezin dugu sinetsi. Non daude arduradunak?
Martxoak 17 - Goizeko txanda Gernikan-
Gure lankideak testaren zain, urduri eta kezkatuta gauden bitartean.
Arazo larria dugu, gure gaixo batzuk defentsarik gabe daude: transplantea jaso berri duten gaixoak daude, kimioterapiarekin daudenak… Ez dut imajinatu ere egin nahi guk kutsatuko bagenitu!
Martxoak 18 - Goizeko txanda Gernikan-
Gure gaixo batek atzo arratsaldez sukarra izan zuen! Testa egin beharko; erabateko kezka; gurekin baitago 0 defentsa duen gaixo bat.
Gaur esan digute ofizialki maskara eraman behar dugula. Gernikan aritu garen lankideek zorionez duela zortzi egun erabaki genuen maskararekin lanean aritzea.
Nire gertuko bi senide ospitalean daude; oso beldurtuta daude... eta ni ere.
Martxoak 19- Libre.
Galdakaoko erizain bat hil da! Bera da hil den lehenengo gaixoa artatu zuenetariko bat. Hau bai birus bortitza, dagoeneko hiru hildako, eta hainbat lankide kutsatuta.
Eguneko berri on bakarra nire lankideek eman didate, izan ere, lanean maskararekin egon ziren agindutakoaren kontra! Bitartean, nire senideei botika ematen hasi dira.
Martxoak 20- Goizeko txanda Gernikan-
Gaur triste, penatuta; eta aldi berean haserre!
COViD taldea handituz doa, gure gaixoari, ordea, oraindik ez diote testa egin gainezka baitaude. Gaur 100 gaixo baino gehiago ditugu zerrendan.
Lana aurrera atera dugu, ezin izan diogu 12:00etan gure lankideari omenaldia egin. Bestetik, nire lagun bat “ERTE” baten ondorioz etxera bidali dute. Nire senideak albo-kalteak izaten ari dira, baina egonkor daude.
Martxoak 21- Libre
Gaur testa egin diote bi astez artatzen egon naizen gaixoari; benetan espero dut negatibo ematea; gure beste gaixo batek positibo eman du. Argi dago etxeetan dauden Etxeko Ospitalizazioko gaixoak ere kutsatzen ari direla. Entzun dut irratian 150 osasun langile kutsatu direla dagoeneko, egia esan gutxi iruditzen zait.
Martxoak 22- Libre
Atzoko txalo zaparrada entzun nuen nire kalean, egia esan hunkitu ere egin nintzen; nire senideen egoerak asko kezkatzen nau. Nik artatu dudan gaixoaren testaren emaitza NEGATIBOA atera da! Hau lasaitasuna hartu duguna! Gernikan lanean ibili garenak brindis birtuala egin dugu. Bihar lanera berriz.
Martxoak 23- Goizez Arrankudiagan
Lanerako bidean irratiko berriak entzun ditut eta datu bitxiak eman dituzte: Alemanian 85 hildako, Euskal Herian 124.
Arrankudiagako lantokia txiki txikia da. Kontsultorioa itxita dagoenez, berogailua amatatuta dago eta “fresko” dago txiringitoa. Gainera, nahiko zikin, garbitzera ere ez direlako etortzen.Pozik ganorazko bi maskara daudelako bertan, kotxea prestatu eta gaixoak ikustera abiatu naiz, betiko martxan baina maskararekin; aste osorako erabili beharko.
Martxoak 24- Arrankudiagan, goizez
Irratia entzutean arazoaren tamainaz jabetzen naiz; eta, aldi berean, galdera asko sortu zaizkit; Alemania osoan Euskal Herrian baino hildako gutxiago?
Gaurko eginbeharra erabat aztoratu zaigu, gure gaixo baten heriotzarekin, espero genuena. Hildakoaren etxera heldu eta bere alabarengandik zein emaztearengandik besarkada hunkigarria jaso du medikuak; esker ona adierazteko modua izan da; benetakoa eta barru-barrutik atera dena.
Dagoeneko COVID taldean 150 gaixo daude, bihar aldaketak egongo dira zerbitzuan: azkenean, denok izan beharko COVID taldekoak. Gure lankide batek positibo eman du, ondo dago etxean. Nire izeko ere etxera bidali dute, nahiko egonkor baitago; baina osaba oraindik dago ingresaturik, apur bat makaltxoago.
Martxoak 25- Arrankudiagan. Goizez.
Gaur azken eguna gure ohiko lana egiten; dagoeneko etxeetan koronabirusagatik gaixo dagoen lagun kopuru handia artatzen denok arituko gara. Espero dut materiala egokia eta nahiko izatea guztiontzat.
Gaur Bizkaiari buelta eman diot; Arrankudiaga-Ondarru-Gernika-Areta-Arrankudiaga, guztira 153 km. Denoi Galdakaoko ospitalera joateko esan digute. Aspaldi Ondarru-Lekeitio bidea egin barik, ze polita zegoen itsasoa! Gaur eskaera bat sinatu dut beste Osasungintzako lankideekin batera, beharrezkoa ez diren enpresa guztien itxiera eskatuz. Gaueko datua Osasunbidean: 242 lankide daude kutsatua, goraka etengabe doan zenbakia.
Martxoak 26- Galdakao goizez
Hemen dagoen giroa benetan harritzekoa da, ez dago inor pasilloetatik: lankide guztiak maskara arruntarekin, gutxi batzuk babesteko material egokiarekin.
Gure egunerokoa hankaz gora dago, dagoeneko 164 gaixo ditugu, eta %80 COVID positiboak. Azkenean, mediku batekin gaixo “arruntak” artatzera goaz. Buelta pilo eman eta gero, lortu dugu lana aurrera ateratzea.
Ospitale atzeko partean DYAko karpa bat jarri dute, bertan sintomekin dauden lankideei egiten diete test-a; eta bertan dauden erizainek ez dute EPI jantzita, zarama zaku batekin egindako mantala oso dotore dute soinean. Dagoeneko, neke fisikoa handia da, gauez ez dut ondo lo egiten.
Izeko egonkor, osaba makaltxo, nire lankidea hobeto. Gaur lankide guztiok agur bideoa bidali diogu: “eutsi”.
Martxoak 27- Arrankudiagan goizez
Gaur 196 gaixo ditugu zerrendan, eta “ohikoak” 10 baino ez, beste guztiak COVID positiboak.
Zerbitzuko guztiak, bi talde kenduta, ari dira COVID moduan lanean. Niri betiko moduan aritzea egokitu zait, gelditu gabe eta kotxearekin buelta ugari ematen, baina lortu dugu ondo amaitzea..
Ostirala izanik, nekea sentitzen dut. Asteburuko atsedenaldia ondo etorriko zait. Nire osaba etxera bidali dute, ez dago ondo, baina oheak behar dira bera baino txarrago dauden gaixoentzat. Ospitaletik alta kopurua handitzen den neurrian, gu ere zerbitzura gehitu beharko...
Arratsaldez jaso dut nire aste honetako lankidearen deia: berak ere positibo eman du. Dagoeneko gertuko bi lankide kutsatuta. Gaur bota dut azken astean erabili dudan maskara, astelehenean espero dut berria jantzi ahal izatea.
Martxoak 28- egun librea
Gaur inoiz baino goizago esnatu naiz, eta ez naiz berriro lo gelditu. Bitxia da daukadan sentsazioa: balak saihesten ari naizelako sentsazioa alegia. Goiz erdia telefonoan eman dut: izeko ondo dago, osaba ez hain ondo eta lankide bat buruko minarekin dabil.
Nire lagun baten koinatua oso larri UCIn, baina hilzorian; bere ama ospitalera ere eraman dute; eta bera etxean gelditu behar izan da.
Gainera, egunkarietan irakurri berri dut nagusien egoitzetan hainbat neurri hartu dituela Bizkaiko Foru Aldundiak eta pertsonal nahiko dagoela. Lotsagarria iruditu zait.
Aste honetan hasi gara egoitzetara joaten eta telefonoz deitzen. Eta egoitzetako egoera benetan kezkagarria iruditu zaigu.
Martxoak 29- egun librea
Telefonoan pasa dut goiz erdia, nire lagunaren amak positibo eman du. Antza egonkor dagoenez, etxera bidali dute; gure nagusiak uste duguna baina gogorragoak dira. Nire izeko eta osaba ere hobetuz doaz.
Azken deiarekin, aldiz, kezka handia; lagun baten 67 urteko anaia oso larri eraman dute Basurtoko ospitalera, IMQn zegoen ingresatuta autoinmune gaixotasuna izanda eta Koronabirusarekin, baina okerrera egin duenez, bertatik atera eta Basurtora eraman dute. UCIn sartu eta jarraian intubatu dute. Berriro argi garatu zait osasun-pribatuaren paper lotsagarria...Benetan behar duzunean, berehala bidaltzen zaituzte publikora.
Martxoak 30- goizez Galdakaon
Egia esateko, kriston zortea dut nire lankideekin, pazientzia handiz eta lasaitasunez azaldu didate EPI nola jarri eta protokolo guztia. Materiala heltzear dago, eta etxeetara irtengo gara, bitartean gu ezagunek edo senideek emandako materialarekin aritu gara aurpegirako babesak egiten.
Zerbitzu-buruak lehenengo orduan bilera egin eta dagoen plana azaldu digu, txikia bada ere, aurrerapauso galanta. Beste lankide bat etxean dago, sintomekin, test-aren zain.
Gaur ere ibilbide polita, Muxika, Gernika, Elantxobe... Nire lehenengo aurrez aurrekoa koronabirus gaixo batekin egin dut. Etxera heldu eta bertako senide guztiak sintomekin daudela esan digute, Osasun Publikora deitu eta ea biharko proba egitea posiblea den galdetu dugu... Etxe horretan ez dago giro, duela lau egun hil zitzaien amama koronabirusak jota.
Ospitalera heldu eta egindakoa idatzi dugu, materiala prestatu eta joateko ordua heldu denean, zerbitzu-buruak biharko plangintza berriro ere aldatuko dela esan digu.
Martxoak 31- goizez Galdakao
Goizeko partea eman digute; ospitaleko egoera kezkagarria da; UCIn ohe bakarra dago libre; 212 gaixo ingresaturik eta 35 larrialdietan; horiei gure ardurapean dauden etxeetako 230 gaixo gehitu behar dizkiogu.
Antza Lehen Arretako lankideak arituko dira hemendik aurrera gaixo gehienak artatzen, guretzat egoitzetakoak soilik utzita. Nagusien egoitzetako egoera larria da, 25 nagusi dauden egoitzan zazpik koronabirusa zeukaten. Berandu heldu gara, gehien babestu behar zirenekin ez da koordinazio egokia egon.
Pazienteak artatzetik bueltan, poliziaren pare bat kontrol igaro ditugu, daramagun kotxea ez baitago Osakidetzako irudiekin (alokairuzkoa delako). Lehenengo kontroletik arazorik gabe pasa gara, arin ikusi baitute Osakidetzako langileak ginela. Bigarren kontrola igaro dugunean, berriz, poliziak isuna jartzearekin mehatxatu gaitu, antza denez legearen kontra goaz bi batera kotxean aurrealdean joateagatik.
Azaldu diot atzean materiala daramagula, maleteroan kutsatutako materiala dagoelako. Antza horrela ibiltzeko beste kotxe mota bat beharko genuke, horrela bagoaz bihar isuna jarri ahal digutela, indarrean dagoen legediaren kontra joateagatik. Beste lankide batek koronabirusean positibo eman duela esan didate.
Apirilak 1- goizez Galdakao
Gaurko egunean dena koronabirus gaixoak ikusten egon naiz, babesteko materialarekin, sekulako beroa pasatzen da. Lehenengo bi gaixoekin nahiko ondo, analitika atera eta berba apur bat, kezkatuta egoteaz gain, egoera dela-eta “ depre” txikia dute.
Beste gaixoak nagusien egoitza baten izan dira. Egoera benetan larria dute bertan, 48 egoiliarretik aurreko astean, 14 hilda eta beste 12k koronabirusean positibo eman dute. Horietatik hiru ospitalera eraman dituzte, beste bi nahiko makal. Bertako langileak lur jota ikusi ditugu, negarrez. Gu geunden bitartean langile batzuk desinfektatzera etorri dira. Nire lankideek berriro izan dute arazoa ertzaintzarekin.
Apirilak 2- goizez Galdakao
Gaur berriro zahar-egoitzetara joan gara, zorionez lehenengo bietan atzoko panoramaren kontrakoa topatu dugu: egoiliar guztiar ondo daude. Bisitatu dugun azkenaren egoera guztiz kezkagarria izan da, ordea. Nagusi bati test eginez nahiko lana izan dugun arren, azkenean lortu dugu. Beste bat negarrez hasi zaigu, bere seme-alabak eta ilobak ikusi nahi dituela; benetan penatuta irten gara. Gogorra.