APIRILAK 3- goizez Galdakao
Momentuz ez dago lar argi etxeetan dauden koronabirus gaixoen arreta osasun-etxeetatik nola egingo den eta gaixoen zerrendetan nahaste handia dago; berez, gure lana Zaharren egoitzetako egoera kudeatzen laguntzea da, baina baditugu ere etxeetan nahiko gaixo, beraz, lan-karga handia dago orokorrean.
Gaur bi etxetara joan gara, analitika egitera eta egoera klinikoa aztertzera. Bien kasuetan nahiko ondo, oso nekatuta daude, baina apurka-apurka ari dira jateko gogoa berreskuratzen, guztiz galduta izan dute eta.
Amaitzeko zahar-egoitza batera joan gara. Atzo bertan izan ginen eta medikua eta biok oso kezkatuta geunden; batetik, 7 koronabirus gaixo makaltxo zeudelako, eta bestetik langileek ez zutelako EPIrik; egoitza horretan 14 pertonek eman dute positibo koronabirusean. Hasieran batzuk ospitalera eraman bazituzten ere, orain egoitzan daude, 1 izan ezik, ospitalean zendu zena.
Behar den materiala eskatzeko esan diegu, itxuraz egin dute baina ez zaie heldu. Ospitaletik eramandako EPI batzuk eman dizkiet. Gure aldetik EPIak janzten eta kentzen abilezia hartu dugu.
APIRILAK 4- egun librea
Betiko orduan esnatu naiz, gaur nire lankideek 75 test dituzte egiteko, gehienak zahar-egoitzetan, dagoeneko Bizkaian 33 hildako eta 234 positibo egon direla esan du Aldundiak... nire ustez zenbakia askoz gordinagoa da. 60 hildako izan dira Arabako Zaharren Egoitzetan... .
Atzo haserretu nintzen, laneko whatsapp taldean proposamen bat bota zutelako: guk geuk erostea test-ak; argi dago gomendagarria dela guztioi egitea koronabirusa dugun edota dagoeneko pasatu dugun jakiteko, baina Osakidetzaren ardura dela uste dut.
Gaur antza Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusia delakoak Osakidetzari eskatu dio langileontzat behar dugun materiala emateko, ea benetan egiten duten, eta bide batez ea Egoitzetara ere behar duten guztia heltzen den.
Bihar botoa emateko eguna zen, ea gogoeta-egun hauek laguntzen gaituzten etorkizunari begira, osasuna, hezkuntza, gizarte-zerbitzuak...eskatzeko; gizartearen oinarriak izanik, ez genuke onartu behar inongo murrizketarik.
38 urteko erizain laguntzaile bat hil da, koronabirusa izanda, berrogeialdian zegoela, iktus bat izan eta gero.
APIRILA 5- egun librea
Betiko deiak egin, eta berri onak eta txarrak maila berean. Senide guztiak ondo; baina Zahar-egoitzetan dituzten berriak, garratzak berriz: lankide baten izekoa hil da, beste batena Santa Marina ospitalera bidali dute, eta pare bat lagun deika ditut oso kezkatuta gertukoen egoeragatik. Etxean sakelekoa amatatzeko esan didate.
Erabaki dut trastetegira jaistea plasta, lija eta margoa hartzera eta egongelako aspaldiko arrakalak konpontzen hastea, beti gustatu zait margoztea.