Aitziber Olabarrieta erizainaren joan den asteko kronika

Erabiltzailearen aurpegia Aitziber Olabarrieta 2020ko api. 14a, 17:42

Etxeko ospitalizazioan lanean dagoen Aitziber Olabarrieta deustuarrak, joan den asteko kronika laburra idatzi du: 

APIRILAK 6astelehena, arratsaldez Galdakaon

Lanera heldu eta denak daude bilduta Ospitaleak jarritako psikiatriako laguntzarekin; goizean ez da egon giro, larunbatean 90 test egin zituzten, horiei bisitatu behar ziren gaixoak gehitu behar dizkiogu....topera! Gainera gure artean sortu dira ere haserrealdiak, eta bileran horri buruz aritu gara.

Ondoren, zerbitzuburuak ohartarazi du “zikinak” eta “ garbiak” diren taldeak egin behar direla, baina, berez, hori ezinezkoa da, erizain guztiak, bat izan ezik, ibili garelako COVID egiten... beste haserrealdi bat.

Erizainok betikolez bakarrik gaude, batetik gurea omen den gainbegiralea bajan dago, eta bestetik zuzendaritzakoek gutaz nahiko paso egiten dute.

Ez dakigu bihar zelan egingo den, egunero egiten dituzte aldaketak.

Arratsaldeko abisuak egin, Ondarru, Basauri... eta nire lankideari EPI nola erabili irakasten aritu naiz... bera da “garbi” bakarra. 

Nik ez dakit zer naizen, beraz, ditudan baliabideekin gaixo “garbiak” artatzen egon naiz, EPI gabe noski, ekipo horiek COVID gaixoak artatzeko direlako soilik.

 

APRILAK 7asteartea, arratsaldez Galdakao

Gaur giroa lasaiago dago lantokian, baina dugun gaixo kopurua itzela da: 306, denak koronabirus positibo 25 izan ezik. Dauden abisuak banatu ditugu, gaurko bidea, Elorrio, Galdakao; ospitalera heldu naizenean Gurutz Gorriko karpa ikusi dut, antza autoak, anbulantziak eta taxiak desinfektatzeko daude... laneko auto guztien giltzak hartu, eta aurrera, denak garbi-garbi biharko. Ondo!

Esan digute aste santuko jaiegunetan betiko langile-kopurua egongo garela.

APIRILAK 8- asteazkena, etxean

“Atzo inoiz baino koronabirus-proba gehiago egin zituen Osakidetzak, 1698, eta, ondorioz, 431 kasu berri baieztatu zituen. Proba gehiago egin eta positibo gehiago baieztatzearen arrazoia test azkarrak dira; zahar etxeetan sintomak dituztenei halakoak egiten hasi da Eusko Jaurlaritza. Proba egin zietenen % 25ek zuen koronabirusa. Berria egunkaritik atera dut informazioa, datua oso esanguratsua da.

Zahar etxe batean zegoen lagun baten aita, hil da. 

Atzo nire lankide bat sukarrarekin hasi zen, bi egun barru egingo diote testa sintomekin jarraitzekotan... ez dut ulertzen zergatik ez diguten osasun-langile guztioi egiten.

APIRILAK 9osteguna

Eguraldiagatik izango da, baina gaur baikorrago nago. Egunkarian irakurri berri dut ikertzaile batzuen auzolanari esker, test arinak eta fidagarriak egiteko gai garela Euskal Herrian. Horren harira, Galdakaoko ospitalean  zorte itzela dugula pentsatu dut, agian medikuntza arloan ezagutu dudan bokaziorik handiena duen profesionala dugulako bertan: 4. plantan ibili nintzen 12 urtez txandaka, eta gauez nengoenean askotan goizeko 7etarako bera zegoen gaixoen txostenak arakatzen eta analitikak eskatzen; lehena etortzen eta azkena irteten, izaera berezia du. Jakintza handikoa, izugarria eta lan egiteko grina nekaezina. Datorren hilean da erretiroa hartzekoa; momentu hauetan bera da gure erreferenterik onena. Astero-astero egiten du koronabirusaren inguruko txosten-laburpen bat, berrikuntza guztiekin eta jakin beharreko informazio zabalarekin. Zalantzarik gabe bera bezalako mediku bat izatea zorte ikaragarria da, itzelezko altxorra. Eskerrik asko lerro hauen bidez, Mayo doktorea.

Azkenean bihar egingo diote test-a asteazkenean sukarrarekin hasi zen lankideari.

APIRILAK 10, ostirala- arratsaldez

Egoitzetara joaten jarraitzen dugu. Bertako batzuen egoera benetan tamalgarria da, dela pertsonal faltagatik dela gainezka daudelako, egoera benetan gogorrak ikusten ari gara. Saiatzen gara gaixoei ahalik eta hoberen egingo dien tratamendua jartzen, baina batzuetan sedazioa baino ez zaigu geratzen.

Egoitza pare batera joatea egokitu zait, botikak eramatera, egia esanda bertoko langileen esker onaren adierazpena hunkigarria iruditu zait.

Autoa berriro desinfektatu, eta biharko materiala prestatzera, betaurrekoak ere garbitzen ibili naiz. Ez daukagu behar dugun guztia, teorian bihar ekarriko digute... antza bihar betiko test-laginak egiteaz gain, analitikak ere egingo ditugu lehen arretakoekin batera. Bisitak ere asko egin beharko ditugu, egoitzetako nagusi asko larri daude eta. 

Gaixo bat ikusi dut 10. plantatik ZIUra eramaten, 4 lankide  EPIekin jantzita, azalpen lasaigarriak ematen: "orain lo harraraziko zaitugu hobeto arnasa har dezazun aparatu baten laguntzarekin, eta egun batzuk barru berriro esnatuko zaitugu”, gizon heldu ez oso nagusia, baina beldurra begietan ikusten zaio.

 

APIRILAK 11- larunbata, goizez

Oso lanpetuta ibili dira medikuak gaurko bisitak antolatzen, bestetik koronabirus taldekoak banatu dira, batzuk betiko testak egitera eta beste batzuk lehen arretako erizainekin egoitza handi batera guztiei analitikak egitera, langileak barne.

Durangoko egoitza batera joan naiz ni medikuarekin, bertan bizi diren 25 nagusietatik 2 bakarrik daude “garbi”; 8 beste egoitza batera eraman dituzte, 3 hil egin dira eta besteak bertan geratu dira. Atzo agure bat oso larri utzi genuen, zorionez jarritako botikekin eta oxigenoarekin gaur askoz hobeto dago, bere emaztearekin dago gela berdinean eta ez zuen ospitalera joan nahi; gaur “gracias doctora” sentikorra esan dio lankideari. 1964. urtean ezkondu ziren; biak eskutik helduta utzi ditugu jesarrita. Beste guztiak emakumeak dira, egonkor daude eta gure bisita eta artatzea benetan eskertzen dute, izerdituta EPIagatik, baina pozik atera gara “ hasta mañana” “mañana venís?”

Ondoren beste egoitza batera test bat egitera, orain arte ez dute COVID kasurik izan eta beldurtuta daude, nagusi bat txarto dagoelako; egia esateko hilzorian zegoen gu heldu orduko, sedatu dugu. Benetan espero dugu testa negatiboa izatea, egoitza hori “garbi” mantentzeko.

Osasun sailburuak gaur publikoki eskertu die lehen arretako langileei egindako lana, bai Osasun Etxeetan eta baita Zahar Egoitzetan ere, nahiko harrituta gaude, gu izan garelako orain arte Egoitzetan ibili garenok, ematen du Etxeko Ospitalizazioa ez dela existitzen gure arduradunentzako☹️

 

APIRILAK 12- igandea, goizez

Gaur, Elorriora joan gara COVID gaixo bat artatzera, ebakuntza izan zuen duela 10 egun, eta kura egin behar izan diogu. Ondoren atzoko egoitzara, 4 gaixo ditugu makaltxo bertan, senar-emazteak hobeto daude, beldurtuta oso, baina hobeto. Beste bat egonkor, 97 urteko andre bat da eta burua primeran dauka. Paper-fabrikan hainbat urtez lanean aritu zela kontatu dit, gaur pozago dago atzo bideokonferentzia izan zuelako semearekin. Besteak aldiz okerrera egin du nabarmen, Aramiokoa da, atzo errosario errezatzen zegoen, gaur ezin; hor ibili gara mediku eta biok “gure aita” abesten, baina gixajoak ez du indarrik izan gugaz kantatzeko. Familia abisatu dugu.

Amaitzeko beste Egoitza batean izan gara, nahiko positibo dituzte bertan, baina oraindik ez dute Osakidetzaren laguntza jaso. Ez dute erizain edo medikurik eta nahiko bakarti eta utzita egon dira. Atzo egoiliar bat ospitalera bidali zuten, deitu ziguten oxigenoa behar zutelako, eta gaur antza bost gaixok okerrera egin dute. Kezkatuta zeudenez, bertaratu gara. Medikuak aztertu ditu eta nik bostei analitika atera diet; bertako langileen esker ona ere jaso dugu.

Gaur jakin dugu nire lankidearen testa positibo dela; dagoeneko 4 kutsatu dira, 2 mediku eta 2 erizain; txarrena beste bat hasi dela sintomekin; benetan ez dudala ulertzen zergatik ez diguten guztioi proba edo serologia egiten, nola gauden jakiteko. Behintzat atzo egin nuen test-a negatiboa atera da, egoitza hori garbi dago beraz.