APIRILAK 13- astelehena, goizez
Gaurko antolaketa nola egin “eztabaidatzen” egon eta gero, azkenean odol-transfusioak egitera joan naiz gaixo batengana. Gaixo horri duela hiru aste ebakuntza egin behar zitzaion, baina koronabirusa dela eta atzeratu behar izan diote bihar arte; odola jartzen ibili gara astelehenero eta ostegunero; urduri dago baina pozik.
Gaur oso test gutxi egon dira egiteko, baina oraindik COVID gaixo kopuru handia dago gure ardurapean.
Gaur Estatuko milaka langile lanera itzuli dira, eta bihar Euskal Herrian gauza bera gertatuko da, egia esateko beldur naiz berriro kutsatuen maila igoko ote den; nire bi lankide etxean daude sukarrarekin testa egiteko zain, astero "jausten" da bat...; agian hurrengoa ni izango naiz.
APIRILAK 14- asteartea, Galdakao
Gaur gaixo “garbiak” artatzen egon gara medikua eta biok, gehienak odol-transfusioa behar duten gaixoak dira, baina onkologikoak ere baditugu, eta gaurkoan bisita bat bereziki gogorra egin zait. Oso gaztea den pertsona bati analitika atera behar izan diot. Bere egoera ez da batere xamurra, minbizia oso aurreratuta du eta zainketa aringarriak ematea baino ez dago; hain gazteak direnean, sentzazio berdina izaten dut: madarikazioa!, bizitza ze krudela izan daitekeen batzuetan! Eta konturatzen naiz dudan zortea itzela dela, nire gertukoak denak primeran daude, konfinaturik bai, baina osasuntsu. Beste lankide guztiak COVID gaixoak ikusten egon dira.
“Gure aita” errezatu genion andre aramaioarra hil egin da, baina senideen esker ona jaso dugu.
Bihar nire bi lankideri testa egingo diete, positibo eman duten beste laurak oraindik etxean daude.
APIRILAK 15- asteazkena, Galdakao
Gure gaixo bat hiltzen denean, egun batzuetara familiarengana joan ohi gara bisita egitera; gure materialak edo botikak batu eta berba apur bat egitera. Gaurko lehenengo betebeharra horrelako bisita bat izan da, eta berriro lan honek daukan alde ona eta positiboa baieztatu dut; ondo egindako lanaren emaitza: esker ona.
Ondoren atzoko gaztearengana joan gara, gaur sukarrarekin dago, espero dezagun COVID ez izatea.
Amaitzeko egoitza batera joan naiz, bertan 100 urteko andre bat ikusi dut “taka-taka”rekin paseoan, positiboa eman zuen aspaldi, eta dagoeneko primeran dago, nire aurretik pasa den bakoitzean agurtu eta adi-adi begiratu nau “ hau ez da hemengoa” pentsatuko balu bezala.
Ospitalera heldu eta lehen arretako langileak egoitzetako gaixoengana joango direla esan digute. Momentuzez dugu aukera hori errez ikusten.
Bestetik, langileoi probak eta analitikak egingo dizkigutela esan digu zerbitzuburuak, antza Osasun Etxeko langileekin hasiko dira, ondoren kirofanokoekin... ez dakit gure txanda noiz helduko den.
Gaur gure ardurapean 230 gaixo ditugu, COVID dutenak 211 alegia.
Ordenagailuan gaixo positibo direnak izartxo gorriarekin agertzen zaizkigu.
APIRILAK 16 osteguna, Galdakao
Goizeko lehen berriak gogor astindu gaitu, nire lankideei egindako bi testek positibo eman dute. Baita beste batena ere; ez nekien sintomak zituenik ere. Beraz, beste hiru lankide kutsatuta, dagoeneko 7.
Zerbitzuan ez da giro, 6 lankidek bere kabuz erositako testak egin dituzte. Ez dut uste hori bide egokia denik, ez dut uste hori egin behar dugunik.
Etxeetara irten baino lehen zerbitzuburuak esan digu azkenean Lan Osasun Zerbitzuak testak eta analitikak egingo dizkigula eguerdian.
Benetan ez dakit zer pentsatu, astero-astero ari zen lankideren bat gaixotzen, baina aste honetan hiru batera...
Zorionez Atxondora joatea egokitu zait kura bat egitera, paraje izugarria, Anbotoko magalean. Ondoren, Durango aldetik analitika batzuk egitera. Daukagun gaixorik gazteena hobeto dago, sukarrik gabe.
Ondo etorri zait gaurko ibilbidea.
Ospitalera heldu eta gure artean testak eta analitikak egitera, bihar arte itxaron beharko dugu.
Etxean bikotearen laguntzarekin, animoak bidaltzeko 5. bideoa grabatu dugu, positibo eman duten lankide guztieei bidaltzen diegu, lan hirukoitza arratsalde honetan, ederto pasatzen dugu lankideok prestaketetan.
Bihar umea izan duen lankidea lanean hasiko da, oporrak ukatu dizkiote eta 8 hileren ostean bihar lanera joan beharko da.
APIRILAK 17- ostirala, Galdakao.
Zortzigarren lan-eguna jarraian. Ospitalera iritsi bezain laster denok emaitzak begiratzera hurbildu gara: Bi lagilek inongo sintomarik gabe positibo eman dute, eta beste bik dagoeneko gaixotasuna pasa dute, oharkabean edo. Guztira 4 erizain eta 5 mediku ditugu etxean. Egia esateko, positibo gehiago egotea espero nuen.
Gaudenekin dena antolatu eta lanera. COVID taldekoak Basauriko egoitza batera joan dira 100 test eta analitika egitera.
Ni mediku gabe nagoenez bakarrik egon naiz gaixoak bisitatzen: Elorrion antibiotikoa jarri, Durangon analitika bat egin eta beste bati plaketak ipintzen egon naiz.
Nekatuta nago eta kriston buruko mina daukat, ospitalera heldu eta ibuprofeno bat hartu behar izan dut.
Gaixoari ateratako emaitzak txarrak dira, bakteria ezberdinak jota dago, zainen bidezko antibiotikoa jarri beharko diogu.
Datorren asterako plangintza azaldu digu zerbitzuburuak: lehen arretakoek hartuko dute egoitzetan dauden gaixoen ardura, apurka-apurka..., zaharrak berri.
Ez daukat gogo handirik beste lau animo bideo prestatzeko, baina uste dut ilusio handia egiteaz gain, beharrezkoa dela guztiz isolatuta zaudenean holako gauzak jasotzea. Eutsi goiari, ekipo!