APIRILAK 20- astelehena, goizez.
Asteburuan libratzea ondo etorri zait. Azkenean bideo bakarra egin dut etxekoen laguntzarekin positibo eman duten lankide guztientzako.
Lanera heldu eta lehenengo berri txarra: testa egiteko bost lankide falta ziren, eta batek positibo eman du.
Falta diren lankide guztiak ordezkatzea ezinezkoa denez, gaur hiru mediku eta erizain bat gutxiago egon gara. Analitikak eta kura batzuk egin ostean, egoitza batera joan naiz testak egitera. COVID gaixo askorekin jarraitzen dugu, eta medikuen lan-karga itzela da.
Berri on bat ere izan dugu: hasierako egunetan positibo eman zuten bi lankide bihar hasiko dira lanean, proba egin diete berriz eta negatibo eman ostean.
Bestetik, esan digute maskara berdinarekin ibili behar garela aste osoan!
APIRILAK 21- asteartea, goizez.
Gaur berriz antolatu behar izan gara, ez gaude nahiko jende lan guztia aurrera eramateko. Gero eta gaixo “arrunt” gehiago ditugu eta COVID gaixoak ere gure ardurapean daude, oraindik zaila delako lehen arretakoen mende uztea. Gaur, adibidez lehen arretakoak egoitza batera joan dira testak egitera, gure COVID taldeko batzuekin batera baina ez zeukaten testak egiteko material egokirik.
Gaur ere ibilbide luzetxoa egitea tokatu zait gaixo arruntak artatzeko, medikurik gabe, bakarrik; egun euritsua eta grisa izan dugu, neu ere ez nago nire onenean. Ez dut ikusten Osakidetzako arduradunen aldetik irizpide seriorik, egun batean gauza bat esan eta hurrengoan kontrakoa.
Gutxienez, errekuperatu dira lankide bi. Bat bereziki txarto egon da, hiru aste usaimenik gabe. Bestea gure gainbegiralea da, eta lurra hartu berri moduan dago, jokoz kanpo; daukagun antolaketa berri hau ez da erraza, eta daukagun lana ateratzeko, zuzendaritzaren kudeaketa desegokiaz gain, ez da egon koordinaziorik...ez da gauza berria.
Behintzat ez naiz berandu ibili, eta 120 km egin eta gero, azkenean 15:00etarako lanaldia bukatu ahal izan dut. Lankide batzuk egunero ari dira oso berandu lanaldia amaitzen.
APIRILAK 22- asteazkena, goizez.
Egoitzetara joatea egokitu zait berriz, eta txanponaren bi aldeak ikusi ditut; lehenengoan analitika bat eta atzo egindako test batzuen emaitzak: negatiboak. Duela hiru aste hasi ginen egoitza horretara joaten. Egoera zaila zeukaten egoiliar batzuk hil egin ziren, eta besteek aurrera egitea lortu dute. Bihar gehienek betetzen dute epea alta jasotzeko, eta behar izatekotan lehen arretakoak arduratuko dira. Egoitzako medikua emozionatu da agurrean, oso eskertuta dago, beste langileak ere bai, batera egin dugu lan eta, zorionez, egoerari buelta eman diogu.
Beste egoitza baten egoera erabat desberdina izan da, egoiliar guztiak kutsatu dira. Atzo langilei testak eta analitikak egin zitzaizkien. Gaur dagoeneko positibo batzuen emaitzak agertzen hasi dira; kezka dute ea zer egingo ote duten langile guztien edo gehienen emaitzak positibo badira; egoitzara bertaratu ginenerako anabasa handia zegoen bertan, eta neurriak hartzea kostatu zaie, baliabide-falta ere izan dute, noski.
Atzo Euskadiko Justizia Auzitegiak agindu zion Osakidetzari langile guztioi testak egiteko; argi dago orain arte zergatik ez diguten egin. Azken egoitza horretan gertatutakoa errepikatzearen beldur direlako, nahiko lotsagarria delako dagoeneko Osakidetzan 1206 langile kutsatuta egotea, azken 64 positibosk maskara desegokiak erabili eta gero.
APIRILAK 23- osteguna, goizez
Berriro egoitzetara. Aurretik Galdakaoko anbulatoriora joan gara bertakoekin bilera bat egitera eta koltronpean ditugun lau egoitzetako gaixoen partea emateko; dagoeneko hasi dira batzen egindako azken test eta analitika guztien emaitzak, hainbat egoilarrek positibo eman dute, berez asintomatiko daudenak eta beste hainbatek dagoeneko antigorputzak dituzte eta PCR-, hau da, guztiz sendatuta. Horietako egoitza bat izan da txarren dagoena, egoiliar guztiek positibo eman dutelako.
Bestalde, egoitzetako langileen emaitzak ere oso kezkagarriak dira, positibo gehiegi egon baitira. Galdakaon guztira zazpi egoitza daude, Aperribaikoa izan da hildako gehien izan duena, egoilarren erdia
Beste lankideak berriro aritu dira test eta analitikak egiten Urdaibaiko egoitzetan. Oraindik gutxi batzuk geratzen dira testak egiteko. Bestetik Ospitalean hasi dira langileei analitikak egiten, horrekin gaixotasuna pasatu ote duten edo ez jankingo dute, baina ez diete PCR delakoa egingo; ulertezina, hori baita kutsakorra zaren jakiteko modu bakarra.
Zerbitzuburuak esan digu apirilaren 30rako COVID “taldea” desegin egingo dela, horretan aritu gara etxeko ospitalizazioko zerbitzua (8 mediku eta 13 erizain), lau mediku eta 12 erizain; martxoan 1045 gaixo artatu ditugu; normalean urte osoan 800 gaixo inguru ditugu.
APIRILAK 24, ostirala goizez
Lankide bat kezkatuta dago bera izan zelako testa egin ziona positibo eman zuen lankideari joan den astean, eta berarekin bi astez egon zen lanean. Laneko osasun-arlora joan da pentsatzen duelako lankidearekin kontaktu zuzena, etengabea eta babesgabea izan zuenez, egokiena testa berriro egitea dela. Egin diote.
Ni egoera berdin-berdinean nagoenez, lana amaitu dudanean joan naiz ere; eztulka aritu naizenez azken egunoan, etxera joateko esan didate eta igandean testa egingo didate... pozten naiz. Irizpidea egokia iruditzen zait, berez positibo den pertsona batekin harreman hurbila izan baduzu, testa egitea.