Aitziber Olabarrieta erizainaren azken kronika

Erabiltzailearen aurpegia Aitziber Olabarrieta 2020ko mai. 5a, 11:57

Uste dut eguneroko kronika honen amaiera ere heldu dela, bizi izandakoa idaztea lagungarria suertatu zait, eta URIOLAn argitaratzea ere oso ideia ona izan dela uste dut; lagun askok irakurri dute eta animoak,  maitasun mezuak eta elkartasuna jaso ditudalako leku askotatik.

APIRILAK 25-26, asteburua etxean

Puzle bat egiten ari gara etxean, 1000 piezakoa, presbizia nabarmentzen hasi naiz 

Igande goizean nire PCR egitera joan naiz goizeko 9etan. Eztulka nabil erretzaileen modura, baina ez dut beste sintomarik.

Azkenean gaueko 19:00etan arratsaldez dagoen lankideak esan dit emaitza: NEGATIBOA!

 

APIRILAK 27, goizez, Arrankudiaga.

Eskertzen da ospitaletik irtetzea Galdakaon zoramena handia dagoelako, antolatzeko denbora gehiago ematen dugulako eta arduradunen zentzugabekeriak ere entzun behar direlako.

Zorionez, zerbitzuko ohiko lanetara itzultzen ari gara apurka-apurka. Arrankudiagako taldean bakarrik ditugu betiko gaixoak. Covid gaixo gutxi batzuk geratzen dira, egoitzetakoak, eta aste honetan Lehen Arretakoen esku geratuko dira. Astelehena denez, analitikak ditugu. Ez goaz EPIekin, baina maskararekin bai. Gaur 76 gaixo ditugu zentsoan, 19 soilik dira COVID.

 

APIRILAK 28, goizez Arrankudiaga

Gaur kutsatutako beste lankide bat bueltatu da lanera, beste  hiruk gaur dute testa egiteko hitzordua. Agian aste honetan bertan hasiko dira lanean. Azken 2 hilabetetan gurekin batera egon diren lankideak haien lanpostuetara itzuliko dira edo langabeziara. Talde bikaina osatu dugu, langileak, jatorrak, arduratsuak, eta lehen-lehen lerroan aritu dira. Hasieran testak egiten eta ondoren egoitzetara joaten, EPIa jarri, EPIa kendu, milaka frotis PCR egiteko eta ehundaka analitika; denok batera, egun asko jarraian, atsedenik gabe, eta gehiegitan berandura arte lanean. Bestetik, Arrankudiagan betiko martxan ibili gara, nahiko ondo ditugu gaixoak.

Etxera heldu eta beste bideo bat egin dut, biharko kutxipanda txiki bat antolatu dugu, agur gisa.

 

APIRILAK 29, goizez, Arrankudiaga

Gaur Orozkon izan gara, bertako 93 urteko andre bati analitika egiten. Primeran dago buruz, baina anemia duenez, batzuetan odola jarri behar izaten diogu. Oso esaldi gogorra bota dit “zergatik ez naiz ni hiltzen gazteagoak hil beharrean? bizitzeaz nekatuta nago jada”. Eta nik ezin erantzun..

Betiko beharrak burutu eta Arrankudiagara bueltatu garenean, han zeuden bertako mediku eta erizaina; antza Espainia mailan egingo den seroprebalentzia-ikerketan sartu dituzte bertako 24 sendi. PCR frogak EHUkoek egingo dituzte (bazen garaia).

Ospitalera joan naiz agurrerako hamaiketakoa antalatu dute eta; giro arraroa dago, azken eguna dugu denok batera, batetik penatuta eta bestetik “ normaltasunera” bueltatzeko gogoz. Lankide bikainak izan dira, eta primerako lantandea osatu dugu.

 

APIRILAK 30- goizez, Arrankudiaga

Beste bi lankide osatu dira, eta lanean daude jada. Oraindik 4 geratzen dira etxean; gaur enteratu naiz Osakidetzako langileen herenari baino ez digutela proba egin.

Bi hilabetetan gaur da lehenengo eguna COVID gaixorik ez dugula zentsoan; bestetik, gaur esan digute oporren eskaera egin behar dugula, beraz ematen du “normaltasuna” berreskuratzen hasi garela, arlo guztietan.

Denbora honetan gurekin batera aritu dira hematologia zerbitzuko 4 lankide (2 mediku + 2 erizain), gaixoak etxeetan artatzen egon dira Etxeko Ospitalizaziokoekin batera; benetan esperientzia ikaragarri ona izan dugu, batez ere gaixoen ikuspuntutik. Norberaren etxean egon ahal izatea eta ospitalean bezala tratamendua jasotzea gauza handia da, benetan. Galdakaora berriro joan naiz, gaur ere agur eguna izan dugulako, berriz hunkituta.

Bihar jai eta asteburua libre!

Uste dut eguneroko kronika honen amaiera ere heldu dela, bizi izandakoa idaztea lagungarria suertatu zait, eta URIOLAn argitaratzea ere oso ideia ona izan dela uste dut; lagun askok irakurri dute eta animoak,  maitasun mezuak eta elkartasuna jaso ditudalako leku askotatik.

Bizi izandakoak eragina izan du gizarte osoan, eta izango du. Baina nire lanbidea dela eta, ardura, konpromisoa, lan grina, eta benetako bokazioa areagotu egin zaizkidala uste dut, arlo profesionalean. Arlo pertsonalean benetako zaplastekoa jaso dut, mundu materialista eta globalizatu honetan, hainbat asmo, bidaiatzearen inguruan zein kontsumismoaren inguruan, birplanteatzera eraman nau egoerak, baina zalantza daukat: kapaz izango ote naiz benetan “txipa” aldatzeko?

Agian arraroa egingo zaizue, baina honekin guztiarekin erizain hobea eta pertsona apalagoa egin naizela uste dut, beraz, horregatik baino ez bada, mila esker, COVID.