Aurtengo martxoaren 8an urtero modura talde feministek emakumeen eskubideen aldarrikapenez bete zituzten kaleak. Kale horietan bertan, non bere diseinugatik, kolektibo desberdinen eskubideak urraturik ikusten diren, horien artean emakumeenak aurkitzen direlarik. Martxoko hilabetea erabiliko dut nik gaurkoan, kaleak guztionak direla aldarrikapena plazaratzeko. Hiriak beste era baten diseinatu behar dira gizaki guztion eskubideak bermatuak izan daitezen.
Lan honetan dihardu Plazandreok. 18 urte bete dira, Euskal Herriko lehen hiri debekatuaren mapa egin zutenetik Donostian. Aurrerakuntzak egin badira ere, emakumeok hiriko gune asko, segurtasun faltaren pertzepzioa dela eta, saihesten ditugu. Beraz KALEAK ETA GAUAK GUREAK DIRA esaldia indarrean mantentzen da.
Baina badira beste alderdi batzuk hiri debekatuaren mapa aztertzen denean. Gaurkoan, arreta, egunero burutzen ditugun ibilbideetan jarriko dut, mugikortasunean. Alde batetik oinez burutzen ditugun joan-etorriak eta hauen irisgarritasunean, bestetik garraio publikoan.
Eusko jaurlaritzak 2011an eginiko mugikortasunaren azterlanetik ateratako datuak:
Datuetan ikusi daitekeen modura emakumeon ibilbideen gehiengoak oinez edo garraio publikoan izaten dira eta kotxez burutzen diren ibilbideak lan ordaindua duten gizonak burutzen dituzte.
Kaleen %75a inguru garraio motorizatuarentzat da. Gelditzen den espazioan, espaloietan, oinezko joan-etorrietarako erabiltzeaz gain, denden erosketak burutzea, tabernen mahaiak egotea, ezagunekin hitz egitea eta orokorrean gizakion arteko erlazioak eman daitezen funtzio anitz jasotzen ditu. Toki gutxi hainbeste zereginetarako. Baina kotxeak bere dimentsioak behar, ditu batzuen erosotasuna bermatzeko, edo ez??
Kale baten kotxeen erabilera kentzen dutenean oinezkoentzat bihurtuz, gehienetan komertzioa indartzeko helburua dauka, gutxitan hiritarren beharrak asetzeko. Adibide modura hainbat eskolen irteeran espaloi txiki bat soilik daukate umeak klasetik irteteko eta hurbilegi kotxeen arriskua.
Auzoetan ditugun espaloi guztiek ez dute irisgarritasun legea betetzen, 2 metro baino estuagoak baitira. Eta estuak izateaz gain, ibilbideetan hainbat trabekin topatzen gara. Oinezko eremuen diseinua hiritar kolektibo desberdinen autonomia eta irisgarritasuna mugatzen ditu; umeena, pertsona nagusiena, funtzio desgaituena. Pertsona hauen autonomia murrizten denean zaintza lanen orduak handitzen dira. Gaur egun zaintza, ugalketa eta etxeko lanak, gehienetan emakumeak burutzen dituzte. Lan hauei ez zaie balorerik ematen, nahiz eta gizakion bizitzarako ezin bestekoak izan. Hiri diseinuan ere lan hauek ez dira kontutan izaten eta ondorioz hauek burutzea amesgaizto batean bilakatu daitezke. Beraz gaur egun ditugun hiriak soldatapeko lana daukaten pertsonen beharrei soilik erantzuten dute eta errealitate hau eraldatu behar dugu.
Egoera berdinean aurkitzen gara garraio publikoa aztertzerako orduan. Ibilbideak maiztasunak, geltokiak … soldatapeko lanen arabera antolatzen dira. Garraio publikoa aztergai, auzo elkarteen federazioak liburu zuriaren eguneraketa aurkeztu du martxoan. Datuen eguneraketak aztertuz, hurrengo ondorioak plazaratu dituzte:
- Mugikortasuna behera egin du, bai garraio publikoan bai auto pribatuan, langabetuen kopuruaren igoeraren ondorioz.
- Garraio publiko guztien txartelen salneurria gora egin du KPIaren gainetik (“IPC” delakoa). Igoera honek enpresa pribatuen etekinak bermatzeko beharrari erantzuten du.
- Garraio publikoan egin diren inbertsioek ez dute erabiltzailerik gehitu, baizik eta garraio batetik bestera joanaraztea.
- Garraio eragileen artean ez dago koordinazio nahikorik, ezta erakundeen artean. Ondorioz, eskaintzen dituzten zerbitzuetan garestitu eta kalitateak txarrera jotzen du.
Ondorio hauek larriagoak bilakatzen dira emakumearen kolektiboan. Emakundek egindako “2012 Zifrak, emakumeak eta gizonak Euskadin” txostenean emakumeen bataz besteko errenta pertsonala gizonena baino 11.000 euro gutxiagokoa dela esaten da. Bestetik pobrezia gero eta gehiago feminizatzen ari dela baieztatzen dute hurrengo datuak ikusirik: Emakumeak gizonak baino ia 5 puntu portzentual gorago daude pobrezia arriskuan eta 16 puntu ongizate-gabezian. Beraz zailtasun handiagoarekin aurkitzen dira txartelen salneurriaren igoerari aurre egiteko.
Garraio desberdinen eta erakundeen koordinazio faltak hainbat arazo sortzen ditu garraio publikoan. Nondik egiten diren ibilbideak, instalazio batera garraio publikoko zerbitzua ez izatea, 2 edo 3 txartel hartu beharra eguneroko ibilbidean, dirua aurrezteko oinez joan beharra … garraio publikoak dituen gabeziak emakumeen eguneroko bizimoduan trabak bilakatzen dira, zaintza lanen denborak handituz. Esate baterako nola proposa daiteke Santa Marina ospitalea garraio publikoko zerbitzu gabe gelditzea?? Zerbitzua ematen duen autobus-linea bezero nahikorik ez izatea ez litzateke aitzakia izan beharko ospitalea garraio publiko gabe husteko.