Aukerak eta momentu historikoak

Erabiltzailearen aurpegia Amaia Arregi 2016ko abe. 1a, 10:23
http://www.eaj-pnv.eus

Momentu historikoz betea daukagu euskaldunon bizimodua. Bakoitzak hitz horri nahi dituen konnotazioak emango dizkio. Nik ematen dizkiodanekin, larunbatean Gernikan entzundakoa entzun ondoren eta Iñigo Urkullu lehendakariaren inbestidura ikusita, esango nuke une historiko horietako baten aurrean gaudela.

Bide berri bati ekin diogu, aurreko guztiak bezala, legegintzaldi berriak ere zailtasunak izango ditu. Baina badut susmoa emankorra izango dena, eta Lehendakariak behin eta berriro akordioetara iristeko egindako deialdiak baiezko erantzuna jasoko duela. Horrek aurrerapena eta ongizatea dakar herri honetan bizi garen pertsona guztientzat.

Gernikan ikusitako irudi asko aipatuko nituzke, baina horietako batzuk ekarriko ditut. Horietako bat, bertan geunden guztiok Urkullu Lehendakariari aho batez eta denbora luzez eskainitako bi txalo zaparradak. Eta han geundenak asko ginen, sentsibilitate anitzekoak. Berarekin lana eta konpromisoak partekatzen ditugunok zoriontzea ez da aipagarria. Baina Legebiltzar osoko ordezkari politiko eta instituzionalek egiteak balio berezia du niretzat. Iñigo Urkulluk guztion errespetua lortu du. Bere lan eta kudeaketa eredu ona ikusi dute, eta politika egiteko modu bat, ihes egiten diena bete ezin daitezkeen planteamendu ameslariei. Beste irudietako batek Batzar Etxeko kanpoaldera narama. Asko izan ziren agintariak eta herri ordezkariak iristen ikustera gerturatu zirenak, eta ez zen egon ez garrasirik, ez irainik, ez gaitzespenik… txaloak besterik ez, besteak beste, Lehendakariari, Carles Puigdemont Generalitateko Presidenteari edo Uxue Barkos Presidenteari. Duela urte gutxi batzuk (ez horrenbeste) Euskadi hedabide askoren portada zen intolerantziagatik eta eukal gizartearen gehiengoaren ustea ordezkatzen ez zuen talde txiki baten errespetu faltagatik. Oraindik ere badaude iragana gogoratzen diguten gertaera txikiak, esaterako, UPV/EHUko errektorea aukeratzeko hauteskundeetan emandakoak; baina gaur, Euskadik dagoeneko ez ditu albistegiak irekitzen, eta hori ere normaltasun seinale da. 

Oso harro nago aginte makilak Iñigo Urkulluren eskuetan jarraituko duela ikusita. Abertzalea, apala, langilea, konprometitua. Zorterik onena opa diot. Osagai guztiak dauzka; lau urteotako esperientzia bermea da, eta bere formula –ez da besterik izango, segurutik– ahalegina, ilusioa, egia, konpromisoa eta lana. Lan handia. 

Nabarmendu nahi nuke nola asmatu zuen inbestidura-hitzaldian egindako planteamenduan. Urkulluk ez ditu inoiz proposatzen lortu ezineko helmugak. Errealismoz, hasi berri den legegintzaldirako duen ibilbide-orria zehaztu zuen. 2020rako proiektua, lehentasun argiarekin: hazkunde ekonomikoa eta enplegua. Izan ere, datu makroekonomikoek esperantzarako arrazoiak ematen badizkigute ere, jakin badakigu Euskadin pertsona asko ari direla gaizki pasatzen. Enplegua, giza garapena eta kohesioa, bizikidetza, autogobernu gehiago eta hobea. Gobernu-ekintzaren lau oinarriak. Euskadiko Alderdi Sozialistarekin lortutako hitzarmenak egonkortasuna emango dio, baina Euskadi hori baino anitzagoa eta pluralagoa da. Ikustea besterik ez dago nola dagoen osatua Eusko Legebiltzarra. Eta horregatik luzatzen du eskua. Oso argi esan zuen Lehendakariak: “politikaren handitasuna erakusten da desberdintasunak alde batera utzi eta batzen gaituenaren alde lan egiteko gai garenean”. Berak erakutsi du, eta ikusiko dugu gainontzekoek ere epe luzeko Herri ikuspegiz jokatzen duten. Batu gaitezen, Euskadik irabaziko baitu. Hitz goxoak entzun nituen eta pentsatu nahi dut postureo hutsa baino gehiago izango dela, ez zela izango argazkian azaltzeko ariketa hutsa. Larunbatean, Gernikan, Soraya Saenz de Santamaria espainiar Gobernuko Presidenteordea entzun nuen esaten leialtasun eta ulermenerako borondate osoa izango dituela. Barkatuko didazue zalantza apur bat izatea; Mariano Rajoyren gobernuak azken lau urteotaz denetarik esan dezakegu, salbu eta positiboak izan direnik. Hala ere, aukera bat emango diot. 

Madrilen ere legegintzaldi berria hasi dute, eta mugimenduen zain gaude orain. Betikoarekin jarrai dezakete –zoritxarra litzateke–, edo harreman-fase berria ireki dezakete, Euskal Agendan PPk duen konpromiso-falta aldatuz. Ikusi behar. Gu, bitartean, gurera. Talde ona daukagu horretarako. Lehendakariak esperientzia handidun kabinetea sortu du, negoziaziorako malgutasun politikoduna eta borondate ireki eta elkarrizketatzaileduna. Andoni Ortuzar gure presidenteak esaten zuen bezala, Jaurlaritza todoterrenoa daukagu.