Erronka horiek identifikatzea da funtsezkoena, eta uste dut guztiok bat etorriko garela lehena zein den: Euskadiren lehen erronka enplegua da. Lan-aukera berriak sortzea eta beren kalitatea bermatzea. Asko galdu dugu krisian zehar; suntsitutako lana, baliabide-urritasuna, pobrezia-egoera berriak… egoera konplexua, gure gizarte babeserako sistema osoa proban jarriz. Ezbeharren aurrean, argi geratu da sistema hori indartsua, baliagarria eta beharrezkoa dela, gehien behar dutenak artatzeko, eta askok inbidiaz begiratzen dute.
Baina egia da diruak ez duela denerako ematen. Kontuan izan beharko lukete diru-sarrerak bermatzeko errentan ezinezko igoerak eskatzen dituztenek. Erraza da ezinezko gauzak eskatzea, gobernu-ardurarik izan gabe. Oposiziotik erraza da denerako gehiago eta are gehiago eskatzea, baina zaila behar du izan, inork ez baitu azaltzen nola lortu hainbeste diru, edo nondik kenduko diguten horretarako dirua.
Enplegua gure lehentasuna dela esan dut. Enplegu gehiago baldin badago, gutxiago izango dira beharrizanak dituzten familiak eta txikiagoa izango da pobrezia… hori da gure muga. Enplegua sustatu eta behar duten pertsona guztiei laguntzen jarraitzea. Euskal gizartea solidarioa izan da, orain ere bada eta izaten jarraituko du pobrezia- eta bazterketa-egoeran daudenekin. Euskal gizarteak babestu egiten du gizarte babeserako sistema indartsua eta bermatzailea, askok orain zalantzan jarri nahi badute ere. Utzi ditzagun eztabaida antzu eta demagogikoak eta elkarrekin lan egin dezagun eredu horrek jasangarria eta bidezkoa izaten jarrai dezan, orain eta etorkizunean, datozen belaunaldientzat. Horrela, Euskadi Herri justu eta kohesionatua izaten jarraitzea lortuko dugu. Gaur egun dagoeneko bada: Euskadi da gizarte bazterketa arriku txikiena duen Europako hirugarren herrialdea. Pobrezia-egoeran dauden herritarren %74ak diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen du, beste erkidego batzuetan ematen dena baino sei aldiz handiagoa. Bide onetik goaz.
Baina badaukagu zereginik aurretik. Prestazio ekonomiko hori bermatzearekin batera, gizarte inklusioa bermatu behar dugu, lan-aktibaziorako politiken bidez. Prestazioa erraminta bat da inklusioaren helburua betetzeko; gure politikek onuradunei lana bilatzen lagundu behar diete. Urte asko pasa dira legea onartu zenetik (ia 10), eta iritsi da berrikusteko unea. Eusko Jaurlaritzak eta Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu berriak, Beatriz Artolazabalek, ekin diote lan horri. Bost hilabetean amaituko dute lana, eta orduan iritsiko da legebiltzar-taldeek eztabaidatzeko momentua. Ekimenak, hobekuntzak eta diagnostikoak adostu, eta hori guztia, errealismoz, arduraz eta ahalik eta adostasun zabalenaz.
Uste dut guztiok bat gatozela pobrezia eta bazterketa ez direla horiek sufritzen dituztenen arazoa, guztiona baizik, gizarte osoarena. Erakundeei, alderdi politikoei eta gizarte eragileei konponbideak bilatzea dagokigu. Egunotan justifikatu gabe entzuten ari garen zifrek ez dute asko laguntzen.