DBE justu eta duinaren alde

Erabiltzailearen aurpegia Amaia Arregi 2017ko eka. 20a, 09:28

Diru-Sarrerak Bermatzeko Errenta dela eta, irainak eta purrustadak entzun ditugu egunotan. Uste izan dut ez ginela herri berberaz hitz egiten ari, ezta aspalditik daukagun gizarte babeserako eredu beraz ere. Eta, are gutxiago, euskal gizarteaz ari ginenik; bere ahaleginaz eta elkartasunaz okerren pasatzen ari direnak laguntzen baititu. “Kataklismoa dator” pentsatu dut. Baina ez.

Oinak lurrean jarrita, eta ez ilargian, beste batzuek bezala, ingurura begiratuta jabetzen naiz Euskadin gaudela, eta Euskaditaz dihardugula. Gure herriak 500 milioi euro erabiltzen ditu, 83.000 milioi peseta baino gehiago, familia behartsuenak babesteko. Gure herriak 163 euro bideratzen ditu urtero biztanleko gutxieneko errenten programetarako. Espainian, aldiz, ez dira ezta 12 eurora ere iristen. Gurea da gizarteratzeko errentetan gehien inbertitzen duen erkidegoa. Datu argigarri bat: Estatu osoan Gizarteratze Errentetarako bideratutako gastu osoaren %42 Euskadik emandakoa da, nahiz eta biztanlegoan dugun zatia ez den %6ra iristen.  Datu gehiago eman nitzakeen: pobrezia tasak, euskal ereduaren estaldura, onuradunak… baina ez da nire asmoa datu-bonbardaketa egitea. Aski da esatea datu horiek guztiek egiaztatu egiten dutela diru-sarrerak bermatzeko euskal politikaren eragina positiboa dela eta izan dela. Funtzionatzen duten mekanismoak dauzkagu, justuak dira eta gizarte kohesionatuagoa eta inklusiboagoa izatea ahalbidetu digute.

Aitortzen dut, noski, baliabideak ez direla nahikoak. Beti egin dezakegula gehiago, eta halaxe egin beharra daukagula. Lanean jarraitzen dugu, inor atzean ez uzteko. Baina egunotan entzuten diharditugunak ez dira oso lagungarriak. Batzuen gehiegikeriei eta besteen zakarkeriei mugak jarri behar zaizkie, gure babes-sistema eraginkorra, justua eta iraunkorra izango bada. Garrantzitsua da sistema bi alderditik ikustea: soziala eta lanekoa. Kolektibo behardunenen lan-berraktibatzea sustatu behar dugu, arreta eman eta formakuntza pertsonalizatua eskaini, lan duin bat lor dezaten eta hor oinarritu dezaten beren bizitza-proiektua. Hortan lanean ari da Eusko Jaurlaritza, egunetik egunera Lanbideren kudeaketa hobetzen, bitartekotza-tasak areagotzeko.

Iragan abenduan, Eusko Legebiltzarrak Enplegu eta Gizarte Politikako Sailari eskatu zion txosten bat egin zezala, DBEren tramitazioa eta kudeaketa hobetzeko esparruak identifikatuko zituena. Txostena eta ondorioak Gasteizko Ganberan daude, eta orain talde parlamentariok arduraz eta patxadaz lan egin behar dugu. Katastrofismorik gabe, onura politikorik bilatu gabe, eta kolektiborik seinalatu gabe. Muturretan lubakiak egin gabe, eta helburu izanik gizarte babeserako euskal ereduak etorkizuna izan behar duela: etorkizuna izan behar duela, hain zuzen ere, egoera kaltegarrian dauden pertsonei erantzuna ematen jarraitzeko, eta gero eta onuradun gutxiago izateko, horiek lan-merkatuan sartu direlako.

Arestian esan dut eta uste dut garrantzitsua dela behin eta berriro esatea: Euskadin bizi garen pertsona guztien ahaleginari esker daukagu gizarte babeserako eredu aurreratu hau. Guztiok egiten dugu posible, eta guztiok jakin behar dugu merezi duela. Gure baliabideak ongi erabiltzen dira, eta benetan behar dutenen eskura iristen dira. Batzuek asko hitz egiten dute iruzurraz. Oso txikia da, baina horri aurre egin behar diogu. Nahiz eta, hori egiteagatik, leporatzen diguten onuradunak kriminalizatu nahi ditugula. Zer esango ligukete herritarrek ez bagenitu iruzurrak eta horren ondoriozko desberdintasunak jarraituko? Justua al da umeak dauzkan familia batek jasotzen duena gutxiago izatea etxe berean bizi diren bi pertsonak baino? Inondik inora. Baina gertatzen ari da. Hori da, hain zuzen ere, injustizia horrekin amaitzeko proposatutako formula, eta horrek polemika eta gaitzespena eragin ditu. “Etxe bakoitzeko prestazio bat” neurriak, salbuespenak izango dituenak, familiaren onura bilatzen du. Horretarako, kantitate komuna ezartzen du etxebizitzako, eta osatu egingo da bertan bizi diren heldu eta seme-alaba kopuruaren arabera. Artolazabal sailburuak proposatutako zenbatekoekin, bi seme-alaba dauzkaten familiek hilero 133 euro gehiago jasoko lituzke, eta bakarrik bizi den pertsona batek 13 euro gehiago. Ez al dugu, beraz, sistema proportzionalago baterantz aurrera egin behar, pikarokeria ekidingo duena eta seme-alabak dauzkaten familien alde egingo duena?

Benetan, espero dut datozen hileotan diskurtso eraikitzailea egiteko gai izango garela, titular errazetatik urrunduta, sistema hau indartzeko balioko duena. Hori zor diogu euskal gizarteari. Eztabaidari lasaitasuna eta patxada ekarriko diena, hobetzeko elkarlana adostasunez egin dezagun. Ardanza Lehendakari zela, 1989an Euskadik Familiaren Gutxienezko Dirusarrera izenekoa jarri zuen abian, eta nola edo hala beste erkidego autonomo batzuek bide horretan segitu ziguten. Bide hori egiten jarraitu nahi dugu. Denbora honetan guztian, euskal erakundeek erantzun solidarioa eman diete bizitza duina izateko beharrezko baliabideak ez dauzkatenei. Elkartasun-konpromisoa eta pobrezia-arriskuan dauden pertsonei gure baliabideen zati bat bideratzea gure DNAn daude. Pobrezia, marjinalitatea edo bazterkeria ez dira pairatzen dituztenen arazoa, gizarte osoaren arazoa baizik. Beraz, guztiok erantzun beharrekoa da. Solidarioak izan behar dugu, gaur eta bihar. Ahaztu gabe sistema hobetu behar dugula, eta bere egungo eta etorkizuneko iraunkortasuna bermatu.