Aldarrikatzen dute susperraldi ekonomikoa haiei ere heltzea, eta sumintzen dira haien pentsioak %0,25 igo direla jakinarazteko Rajoyren Gobernuak, lotsarik gabe, bidaltzen dizkien gutunak direla eta.
Aldarrikapen horiek entzun ditugu, geure egin ditugu eta borroka egin dugu haien alde; ondorioz, Mariano Rajoy mugiarazi dugu. EAJk ondo jokatu du Madrilen duen posizioa, eta pentsioen aldagaia sartu dugu aurrekontuen balizko negoziazioan. Derrigorrezko baldintza da aurrekontuen tramitazioa errazten jarrai dezagun, eta modu bat da espainolei esateko ez garela insolidarioak eta ez diogula geure buruari bakarrik begiratzen. Irteerako aldarrikapenak lortuta daude. Baina, beldur naiz ez ote dugun jarraituko 1.080 euroena entzuten.
Pentsioen eztabaidak eta aurrekontuei babesa ematea lotzea oso joko iruzurgilea da. Pertsonek irtenbidea merezi dute, tranpa, adabaki eta demagogiarik gabe. Oso erraza da exijitzen dutena agintzea; oso erraza da planteatzea, EH Bilduk eta Podemosek egiten duten moduan, pentsiodunek hilean gutxienez 1.080 euro kobratzea. Baina zaila da esatea (eta haiek ez dute egiten) nondik aterako diren baliabide horiek, nondik kenduko diren eta nork jarriko dituen. Ezin da jendea engainatu proposamen miragarri, irreal eta zorroztasunik gabekoak ezerezetik aterata.
Pentsioak funtsezkoak dira, eta haien iraunkortasuna bermatzeak eskatuko du akordio zabal bat. Alderdi batzuek pentsioak gatazka politikoa bihurtu dituzte, eskaintzak eta kontra-eskaintzak aurkeztuz. Jakin badakite Euskadik pentsioen arloan ez duela eskumenik; badakite Madrilek ez duela eskumen hori eman nahi, eta badakite, lortzen ez den bitartean, euskal erakundeak lanean ari direla. Izan ere, 46 miliorekin pentsio txikienak osatzen ari dira Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren bidez. Babes sozialeko neurri hori 15.000 pertsona baino gehiagorengana heltzen da. EH Bilduk eta Podemosek ezin diote Eusko Jaurlaritzari eskatu Estatua salbatzeko eta haren gabeziak estaltzeko. Eskumena Madrilen dagoenez, ezin diote euskal gizarteari galdegin ahalegin handiagorik.
Ukaezina da pentsioen etorkizunak erronka garrantzitsuak dituela. Bi bereziki: jasan ditugun arazo ekonomiko larriak (langabezia, prekaritatea…), eta jaiotze-tasa baxua. Ezinbestekoa da sistema publiko hori jasangarria izatea; izan ere, ongizate-estatuaren zutabeetariko bat da, baita belaunaldi arteko elkartasunaren adibide argienetariko bat ere. Arazoa konplexua da, eta irtenbidea ez da erraza izango. Eraikitzea hainbeste ahalegin kostatu zaigun eredua indartu nahi badugu, kalitateko enplegua eta jaiotze-tasa igotzea izan beharko dira gure helburu nagusiak.
Bi erronka horiek aurreikuspena eta diagnostiko prebisioa behar dute; eta, orain arte, ez da horrelakorik egin. Denbora urrea da, eta kasu honetan are gehiago. Badakigu egin behar diren aldaketek ez dutela eraginik izango epe motzean, baina funtsezkoa da horiei orain ekitea oinarriak finkatuta izateko. Ezer ez egiteak eta eztabaida hutsalek kale itsu batera eramango gaituzte, eta handik ateratzea asko kostatuko zaigu. Bazter ditzagun populismo, demagogia eta oportunismo politikoa eta has gaitezen denok lanean pentsioen sistema publikoak jasangarria eta nahikoa izaten jarrai dezan.
Egin dezagun politika letra larriz, orain Madrilen egin dugun bezala.