Bogotako eskualdeko Hauteskunde Ikuskaritzarako Misioak Eusko Legebiltzarra gonbidatu zuen. Horrek beta eman dit jarraipena bertatik bertara egiteko. Bigarren itzulia baino bi egun lehenago iritsi ginen. Beraz, aukera izan genuen zer nolako giroa zegoen ikusteko. Gizarte zibilarekin hizketan, konturatu ginen herria zatituta dagoela. Zatiketa hori agerian geratu zen 2016an, Santosen Gobernuak eta disolbatutako FARC gerrillak sinatutako bake-akordioaren inguruko plebiszituan. Eta halaxe izan da orain, Ivan Duqueren (eskumako hautagaia) eta Gustavo Petroren (ezkerreko hautagaia) arteko hauteskunde-lehian. Álvaro Uribe presidente ohiak lehena babesten du. Bigarrenari, berriz, chavismoaren gertutasuna leporatu diote, eta baita Kolonbian Venezuelako eredu politikoaren antzeko bat ezarri nahi duela ere. Duquek 10 milioi bozkatik gora lortu zituen, eta bere arerioak 8 milioi. Kontuan hartzeko boto-kopurua, ezkerreko aukeren aurreko emaitzak ikusita.
Goiz jeiki ginen igandean, Bogotako hainbat hauteskunde eskola bisitatzeko. Ez zen izan ez gorabeherarik, ez presiorik. Segurtasun operatiboak 157.000 polizia baino gehiago atera zituen kalera, eta ondo hartu zuen jendeak, boto eskubidea gauzatzeko orduan segurtasun handiagoa zuelakoan. Are gehiago: hauteskunde guneetara autoz iristea ez zen posible, hainbat kale moztuta baitzeuden. Sartu ahal izateko, Nazioarteko Begiraleak ginela egiaztatu behar izan genuen. Harrigarria egin zitzaigun, batetik, pasillo bereiztuak zeudela gizon eta emakumeentzat; eta bestetik, hautestontzian botoa sartzen zutenek ziurtagiri bat jasotzen zutela trukean, abantaila fiskalak lortzeko (garraiorako tasak, unibertsitatekoak…).
Bogotako eskualdeko hainbat eskola bisitatu genituen, eta kontrako sentimenduak ikusi genituen. Boto-emaile batzuk beldurtuta, itxaropentsu besteak. Erabat logikoa da, hauteskundeotan asko baitzuen jokoan herrialdeak: bake prozesuaren jarraipena, egoera ekonomiko konplikatua, ustelkeria edo narkotrafikoa.
Datorren abuztuaren 7an hartuko du kargua Iván Duquek. Lau urte baino ez ditu izango bere hauteskundeetako aginduak ezartzeko eta betetzen saiatzeko. 2015ean presidente zen Santosek bi agintaldiz jarraian gobernatzeko aukerari atea itxi zion. Duquek aurrez aurre dauzkan erronkak handiak dira Kolonbiaren etorkizunerako. Kanpainan agindu zuen hainbat kontu berrikusiko zituela FARCekin sinatutako bake akordioan. “Bakea bai, baina ez horrela”, esan zuen. Esaldi hori norarte iristen den definitu beharko du orain, esandakoa bertan behera utziko duen edo horri eutsiko dion. Baina kolonbiarrek argi dute FARC iragana dela, eta ez lukete ulertuko berriro ere borroka armatuari ekingo balio.